Eako Poesia Egunen atarian, Bartzelona eta Iruñea bitartean bizi da Laida Azkona dantzaria, hanka bat han, bestea hemen. Azkonak Mu-To pieza erakutsiko du jendaurrean larunbat honetan, Eako Eskolondon. “Iraganera bidai bat” dela aurreratu du.
Txinaraino tunel bat luzatu azpititulua jarri diote dantza emankizuna. Bertan, memoriaren kateak eta iruzurrak irudikatu nahi dira, kate horiek fikziorako bide berriak irekitzen dituela. Aspaldi sortutako dantzaldia da Mu-To, eta edozenbat lekutan erakutsi du jada Azkonak. Dantzariak dio aldaketa nabariak jasan dituela sortu zuenetik, hots, 2011tik. “Kasu honetan Castillo Suarezek itzuli du testua, eta memoria eta gogoetari buruz hitz egiten du, memoria kolektibotik memoria indibidualera dagoen bidea azaldu nahi duela. Eta, nola ez, memoriaren fikzioa ere azter-tzen da. Horren inguruko hausnarketa da Mu-To. Gogoratzen duguna askotan fikziotik hurbilago dago egiatik baino, eta proposamen horri buruzko hausnarketa da pieza hau”, azaldu du Azkonak.
Zer da errealitatea? Zerk baldin-tzatzen du? “Oroimena bera baldintzatuta dago, beraz, errealitatea ere bai, eta oroimen kolektiboa zeresanik ez. Hori dena egiten dut nire pieza honetan, reenactment bat bailitzan”, esan du iruñarrak. Eta hari horri tiraka eraiki du 50 minutuko mundu oso bat, non gorputzak berba egiten duen, baina ez bakarrik gorputzak. “Testuaren laguntza daukat uneoro; nik neuk irakurriko dut testuaren zati bat, baina ahots orojakile bat ere badago, ikuslea gidatuko duena, eta gero bideoak proiektatzen dira”, azpimarratu du nafarrak.
Bakarka egindako pieza dirudien arren, jende gehiagoren laguntza jaso du Azkonak. “Ekoizpen txikia da, bai, baina beste batzuen lagun-tzarekin osatua. Gero eta minimalagoa naiz horretan”, esan du artistak. Produkzio txikiak sortzen ditu, handien lurraldea bestelakoa baita. “Neurriak asko laguntzen dit gero ikuskizuna erakutsi edo saltzeko; oso famatua ez bazara, hobe produkzio txikiekin aritzea. Baina aukera pertsonala ere bada. Kanpoko elementu guztiak ken-tzearen alde egin nuen aspaldi, eta horretan nabil, biluztasunaren bila”, aitortzen du.
Eako Poesia Egunetan emango den ekintzarik “bitxienetakoa” omen Azkonarena, antolatzaileek aurkezpen egunean esan zuten bezala. Bitxia eta bakana, dantzari honen piezak ez baitira sarritan ikusten gurean.
mundu txikia Londresen hiru urte egin zituen, The Rambert School ospetsuan. Balletaren sekretuak ezagutu ostean, Austriarako bidea hartu zuen, eta han zegoela beka bat lortu zuen New Yorkera joateko. Lanean eta ikasten ibili zen etxe orratzen hirian, bertako konpainia batean. Atlantikoa berriz zeharkatu eta Bruselan egon zen Bartzelonara joan orduko. “Mundu txikia da gurea eta lanbide mugikorra, oso ibiltaria”, esan du, “beti mila kontutan sartuta” egotea eskatzen duena.
Gainera, ikuskizunak edo bekak bilatzeko egij beharreko gestioek sorkuntzarako denbora kentzen diotela aitortu du, kezka tanta batekin. “Nahi dut nire energia guztia prozesuan eta sorkuntzan jarri, bestela gestioetan galtzen da denbora asko eta asko, diru laguntzen eskean, paperen artean beti. Eta azken urteetan sor-kuntzari erreparatu diot batez ere, gestioaren kaltetan. Hori ere erabaki pertsonala da”, agertzen du.
Baina egia erdia dio Azkonak, Iruñeako Inmediazioak egitasmoarekin lotuta baitago, beste artista ba-tzuekin batera. “Bai, proiektu polita da, gestio ugari eskatzen dituena, baina horretara mugatzen ditut nire gestio gehienak”, esan du irribarrea ezkutatu ezinik. Arte eszenikoen topaketa da Inmediazioak, azaroaren 13tik aurrera suertatuko dena, Iruñea, Uharte eta Atarrabian.
Bitartean, astegoien honetan Bizkaiko kostaldeko herri liluragarrira ostera egiten duenak, itxura honetako ekitaldiak aurkituko ditu, guztiak ere poesiaren esanetara makurtuak, behingoz.