Lehen Mundu Gerrak hondamendia ekarri zuen Europa osora, baina Euskal Herrian bestelako ondorioak ere izan zituen, batez ere Iparraldean. Batetik, hildako eta zauritu andana, eta, bestetik, frantseste prozesu ikaragarria. Ostera, Hego Euskal Herrian enpresari batzuk dirutzak egiteko probestu zuten besteen zorigaitza (batez ere Bizkaian), Espainiaren neutraltasunak babestuta.

Eneko Bidegain (Baiona, Lapurdi, 1975) kazetari eta idazleak urteak daramatza hori dena ikertu eta aztertzen, eta esfortzu horren emai-tzak dira, batetik, Euskaltzaindiarekin agertutako Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian tesi baten oinarritutako lan mardula, eta, bestetik, Elkar argitaletxearekin plazaratu berri duen Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria liburu interesgarri eta argigarria. Bigarren honetan, Bidegainek Lehen Mundu Gerraren hari nagusiak azaltzen ditu, baina Euskal Herriko ikuspegitik kontatuta. Gerraren aurrekari eta ondorio politikoak aztertu ditu, baina baita ere soldaduen bizipenak zein ziren eta Euskal Herriko bizitza nolakoa zen garai hartan. Honela, hildako euskal herritaren kontaketa xehea eskaintzen du: non, noiz, zenbat, zer adinetan, nongoak ziren?

Liburuko aitzinsolasean egileak berak dioen moduan, lanaren "helburua bikoitza izan da: batetik, Lehen Mundu Gerraren oinarri nagusiak kontatzea; bestetik, gerra hura Euskal Herritik nola bizi izan zuten eta zer ondorio utzi zuen aipatzea". Hau da, Bidegainek gerra honen bi aspektu zehatz aztertu ditu: guda latzak ekarritako giza kalamitatea eta Frantziak bere lurraldeko herri eta kultura ezberdinak hezi-tzeko egindako ahalegin itzela, frantses abertzaletasuna sustatuz eta sendotuz. "Zalantzarik ez dago, gertakari hark sekulako eragina izan zuela Ipar Euskal Herriaren etor-kizunean eta Frantziarekiko loturan", esan du ikerlariak.

Jakina, 1914ko gerra ez zen begi berdinekin ikusten Iparraldean eta Hego Euskal Herrian, Bidegainek azpimarratzen duen legez: "Inplikatu ziren Hegoaldeko 300 bat lagun, baina ez ziren asko izan. Batzuk bazeuden boluntario gisa inplikatu zirenak, edo Atzerriko Legioan borrokatu zutenak, eta beste batzuk frantses jatorrikoak ziren, gerrarekin beraien aberrira laguntzera bueltatu zirenak".

triskantza Gupida gutxiko gerra izan zen 1914koa eta triskantza izugarriak suertatu ziren Europako gudu zelaietan, euskal soldaduek ere pairatu zituztenak, bertatik bertara (Belgikan, Andereen Bidearen inguruetan eta Verdunen batez ere). Hala agertu du Bidegainek: "Iparraldearentzat gogorra izan zen sasoi hura, herri batzuetan biztanlegoaren %8 galdu zutela; gainera, gogoan izan behar dugu hildakoen adina 28 urtetik beherakoa zela, hau da, biztanleria aktiboa". Frantziak 18 urtetik 49 urte bitarteko gizon ia denak errekrutatu zituen, eta ekonomia neurri gogorrak ezarri. "Dirua eskatu zuten Banku Nazionalerako, janaria murriztu... Egia da Iparraldeko jenderik gehiena baserritarra zela, eta zentzu horretan bazeukan zer jan, baina hiri handietan, Baionan, adibidez, egoera askozaz txarragoa izan zen", gogoratu du lapurtarrak.

1914. urtean bertan, bi milatik gora euskal herritar hil ziren borroka desberdinetan, 1918rako sei milara igo zela zifra beltza. Zaurituak zenba-tzea "ezinezkoa" dela dio Bidegainek, baina bestelako proportzioei kasu eginez, esan daiteke 10.000tik gora izan zirela (kontuan izan behar da orduan Iparraldeko hiru herrialdeen biztanleria 200.000 lagunek osatzen zutela, gutxi gora-behera.

Euskal aldizkarietan, Eskualdunan batez ere, saiatu ziren zabaltzen euskaldunak, kristau onak ziren bezala, soldadu onak zirela. "Baina kontuz, desertoreak ere izan zirelako, eta Iparraldean inon baino gehiago", ohartarazi du Bidegainek. Zergatik? "Batetik, mendiaren beste aldean neutroa zen beste Estatu bat zeukatelako eta bertara pasatzea erraza zelako; bestetik, aurreko hamarkadetan askok kanpora emigratu zutelako, soldadutza ebita-tzeko, eta, azkenik, bazeuden baita etxera itzultzeko baimen laburrak hartu eta betirako desagertzen zirenak, gerrari ihes eginez".

eliza eta frantseste prozesua Kazetari eta ikerlariak gogoratzen duenez, sarraskiarekin batera etorri zen, baita, frantseste prozesua. "Gogoan izan 80 urteko epean hiru gerra bizi izan zituztela Iparraldeko euskal herritarrek, bi Alemaniaren aurka eta bat Aljerian, beti Fran-tziaren alboan. Hego euskal herritarrekin alderatuta, diferentzia nabarmena dago hor, Espainiakoa gerra zibila izan zelako, euskaldun askok ez zuelako gerra hura Espainiarekin egin, edo beste Estatu baten aurka, baizik eta beraien artean, eta horrek eragiten du Espainiarekiko harremana guztiz ezberdina izatea".

Estatuaren estrategiak bere emai-tzak lortu zituen, baina frantseste prozesuan Elizak ere berebiziko garrantzia izan zuen. 1905ean, Estatua eta Eliza bereizteko legea onartu zen, Frantzia Estatu laikoa bihurtu zela. Elizak ezin zuen ametitu hori eta presio ikaragarria egin zuen lau urte horietan, euskaldunak kristau legez eta soldadu bikain legez aurkeztuz. "Hori zen Elizaren mezu errepikakorra: begira kristauak zein frantses onak diren, soldaduak zein kristau onak diren... Erakutsi nahian bezala Frantzia, finean, herrialde kristaua zela eta kristauek Fran-tziaren alde dena eman zutela, eta, bide batez, 1905ean eginiko bidegabekeria konpondu behar zela".

Eskoletan frantsesa eta frantses izaten erakutsi zizkieten euskaldunei, Estatuak antzerako mezuak helarazi zituen, eta Elizak hori dena azpimarratu. Ondorioa jakina da: Iparraldeko euskal gizartearen frantseste nabarmena, azken hamarkadetan joera aldatuz doan arren.