Tolosa. 2009ko Txapelketa Nagusian, Tolosan, poto egin zuen Igor Elortzak eta, hein batean, han joan zitzaizkion urte hartako finalean egoteko aukerak. Atzo, berriro Tolosako Usabal kiroldegian, aran-tzatxoa ateratzeko asmoz taularatu zen bizkaitarra. Ideia sendoei eta, batez ere, bertsoera landuari esker, goitik beherako saioa osatu zuen eta, orain dela lau urteko mamuak uxatuta, Barakaldoko finalean egoteko hautagaitza sendoa aurkeztu du. Epaileek 722 punturekin saritu zuten bere jardun biribila. Bigarren, 667,5 punturekin, Iñigo Man-tzizidor Mantxi sailkatu zen, zale askoren gogoan iltzatuta geratu den kartzelako lanari esker batik bat, gainerako ariketetan ere ale politak utzi zituela ahaztu gabe.
Saio diskretuagoa egin zuten beste laurek, baina kanporaketen aldean, finalaurreak txukunago hasi dira. 649na puntu lortu zituzten hirugarrenak, Unai Iturriagak, eta laugarrenak, Etxahun Lekuek. Iturriagak lehenengo saioa izan zuen aurtengo txapelketan, aurrekoan finalista izan baitzen eta, agian, lehiak hotz harrapatu du durangarra. Betiko legez, umoretik jo zuenean txukun ibili bazen ere, potoaren mugan ibili izanak kalte nabarmena egin zion, agurrean onartu zuenez: paparrean potoman-en pina jantzi behar lukeela abestu zuen, eta Usabal kiroldegian batutako 1.700 zaleen txalo zaparrada irabazi.
Lekuek, aldiz, zortziko txikian jo zuen goia, bizilagunaren katuari jatekoa kentzen dion beste katu baten jabearen paperean. Aurreko bertsoaldiei erreferentziak eginez, umore fina baliatu zuen larrabe-tzuarrak. Beste ariketetan, baina, hainbestean ibili zen.
Jexux Mari Irazuk bosgarren lekua eskuratu zuen (638,5 puntu). Ideia politak izan zituen gipuzkoarrak, baina goitik beherako piezak ontzea falta izan zuen. Amaia Agirre, 638 punturekin, seigarren izan zen. Besteen azpitik jardun zuen arren, Agirrek sentimenduak transmititzeko gaitasuna erakutsi zuen. Horren lekuko, kartzelako gaia izan zen. "Korridoreko argia itzalita lo egiteak beldurra ematen dizu" izan zen Inazio Usarralde gaijartzaileak emandako gaia eta, Agirrek, tratu txarrak jasaten dituen emazte eta amaren lekua hartuta, hala amaitu zuen bigarren bertsoa: "Nire bizitza itzal daiteke, argiarekin batera".
Dena dela, kartzelako gaian, Mantxi eta Igor Elortzaren narraziorako trebezia nabarmendu zen. Zarauztarrak umezurtz baten lekua hartu zuen, umezurtzentzako egoi-tzatik ihes egin eta trenak ia harrapatu duena. Gertaera horretatik abiatuta, Mantxik istorio harrigarria harilkatu zuen. "Argia eta iluntasuna lotu nahi nituela garbi izan dut hasieratik -kontatu du-, umearen papera hartuta, hunkigarriagoa egin nahi izan dut istorioa". Kar-tzelakoarekin ez ezik, saio osoarekin ere gustura azaldu zen: "Kanporaketan, Legazpin, ez nintzen pozik gelditu eta, oraingoan, suelto ibili naiz, bertsoak etorri egin zaizkit".
Kartzelako lanik onena, epaileen eta entzule askoren iritzian, Igor Elortzak egin zuen. Beldurrezko istorioak entzunda, ikaratu egin den neskato baten lekua hartu zuen lehenengo bertsoan. Bigarrenean, aitaren despistea kontatu zuen durangarrak, gauez argia piztuta uztea ahaztu zaiola esanaz. Hirugarrenean, bertsoaldi gogoangarria biribildu zuen Izarren hautsa doinu konplexuan abestutako alearekin.
Elortzaren esanetan, kartzelako gaia entzunda, aukeratu zuen ildoa ez zen originalena izan, baina teknika landuko doinuan kontaera dotorea erakusteko ahalegin berezia egin zuen. "Hasieratik erabakia nuen nola amaituko nuen bertsoaldia, alegia, aita eta amaren artean, gero ideiak ondo lerrokatu zaizkit". Durangarrak lan eskerga egin du 2009ko txapelketako arantza ken-tzeko: "Gogotsu ibili naiz prestatzen, iaz BizkaikoTxapelketan oraindik ez nengoen erabat gustura, baina orain ondo ikusten dut neure burua". Atzo Tolosan irabazita, finalaurreetako bigarren faserako zuzenean sailkatu da Elortza, "gura nuen mailatik gertu ibili naiz".
Arzalluz eta elortza, indartsu Larunbatean, Amets Arzalluzek Gernikako saioa irabazi zuen. Hendaiarrak ere saio bikaina egin zuen herenegun eta, zalantzarik ez zuen eragin epaileek hari puntuaziorik altuena emateko orduan. Bertsolari Txapelketaren finalaurreen fase biko egitura bereziagatik, finalerako txartela ez dute oraindik poltsikoan, baina finalaurreen bigarren faserako zuzenean sailkatu dira biak. Datorren asteburuan Oiartzun eta Murgian izango diren saioetako irabazleek ere, azkenenengo fase horretarako txartela izango dute. Gainerako bertsolarien kasuan, puntuazioak aginduko du, Elizondo, Donostia eta Mauleko hiru seikoteak osatzeko. Hiru hitzordu horiek erabakiko dute zein zazpi bertsolarik lagunduko dioten Maialen Lujanbio txapeldunari abenduaren 15eko finalean. Oraingoz, finalaurreen lehenengo asteburuak erakutsi du, Amets Arzalluz eta Igor Elortza indar betean datozela.