Síguenos en redes sociales:

"Teknologia berriak oso baliagarriak dira hizkuntza gutxituei hauspoak emateko"

Teknologia berriak bizitzen ari diren loraldiari ezin muzin egin. Hala uste du behintzat Elhuyar Fundazioak, zeinak bere hiztegiak telefono mugikorretara egokitzeaz gain, euskara ikastaro bat 'poltsikoan eramatea' ere ahalbidetu duen, Moblang egitasmo europarraren bidez

"Teknologia berriak oso baliagarriak dira hizkuntza gutxituei hauspoak emateko"

Durango. Elhuyar Fundazioko ikertzaile den Danel Solabarrieta atzo izan zen Durangoko Azokan, Moblang proiektuaz mintzatzeko. Euskal erakundeak parte hartu berri du horretan Txipre, Grezia, Irlanda eta Inglaterrarekin batera. Lankidetza horren emaitza? Hizkuntza bat ikasteko lagungarria izan daitekeen mugikorrerako aplikazioa, doanekoa dena.

Zer dakar berri aurten Elhuyar Fundazioak Durangoko Azokara?

Mugikorretarako garatu ditugun bi aplikazioen berri eman nahi dugu: bata Moblang egitasmo europarraren gainekoa eta bestea, Elhuyar hiztegietako bertsioei buruzkoa (hots, euskara-gaztelania, euskara-ingelesa, euskara-frantsesa, Elhuyar ikaslearen hiztegia eta Elhuyar sinonimoen kutxa). Azken aplikazio hauek aurkezteaz arduratu da Josu Aztiria, Hizkuntza Zerbitzuetako arduraduna.

Moblang proiektua aurkezteaz zeu arduratu zara, honen erantzule baitzara Elhuyar Fundazioan, ezta?

Hala da, bai. Hiru urte iraun duen egitasmoa izan da, eta gurekin batera izan ditugu Txipre, Grezia, Irlanda eta Inglaterrako kideak. Lankidetza honen xede nagusia izan da hizkuntza bat ikasteko lagungarria izan daitekeen aplikazio bat gara-tzea. Honela bada, denon artean adostu dugu oinarrizko ikastaro batek zer metodologia izan beharko lukeen.

Nola funtzionatzen du aplikazioak?

Doaneko zerbitzu bat da, interneteko www.moblang.eu webgunean deskargatu daitekeena, alegia. Gainera, eduki askekoa denez, edonork landu eta hobetu dezake. Aplikazioa erdaldun heldu bati zuzentzen zaio, eta euskarazko 2.000 bat hi-tzezko hiztegi xume bat biltzen du. Horrez gain, hainbat ariketa eta joko ditu, 2.000 hitz horiek memorizatzeko prozesua arintzearren.

Zergatik 2.000 hitz?

Teoria pedagogiko baten arabera, hizkuntza bat ikasteko ustez 2.000 hitz buruz ikasi behar lirateke. Hortik aurrera, ikaslea hasten da gramatika barneratzen. Gure ustez, aplikazio hau baliagarria izan daiteke zerotik hasten den batek bi mila hitz horiek ikasi ditzan, errazago memorizatuko baititu mugikorrean azaltzen zaizkion ariketa eta joko sinpleen bitartez, paperetik buruz ikasi baino. Beste abantaila da testuak eta irudiak izateaz gain, soinua ere baduela, entzumena eta ahoskera jorratzeko.

Horren adibide bat aipatuko al zenuke?

Esaterako, ahoskera lantzeko ariketa batean, erabiltzaileak objektu baten hitza bere ahotsaz grabatu behar du, segituan egiaztatzeko ea ondo ahoskatu duen ala ez, programak euskaldun batek grabatutako hitzekin konparatuz, hain zuzen.

Hiztegiari dagokionez, zer motatako terminoak aurki daitezke?

Gaika antolatu ditugu hitzak: agurrak, zenbakiak eta egutegia, helbideak, erosketak, janaria eta edaria eta harreman pertsonalak.Gai bakoitzaren barruan, hainbat ariketa daude hiztegia lantzeko.

Zer irizpide tekniko behar du mugikorrak programa exekutatzeko?

Aplikazioak Java script-a darabilten eta MicroSD txartela duen mugikorretan funtzionatzen du. Praktikan, honek esan nahi du Nokia eta Samsung markako terminal gehienekin bateragarria dela. Gure asmoa da datorren urtean Iphone eta Android sistemetara ere zabaltzea.

Nori gomendatuko zenioke Moblang-en aplikazio hau?

Irlandarrek haurrei begira garatu badute zerbitzua, gu helduei zuzen-tzen gara, hots, euskaraz ikasteko lehendabiziko pausuak eman nahi dituenari. Adibidez, etorkin baten-tzat lagungarria izan daiteke, baita turista edo lan kontuengatik hona datorrenarentzat ere. Jakina, euskeraz ezer ez dakiena ez da gai izango euskaraz aritzeko lan-bilera batean, baina bai gutxieneko esapide batzuez baliatzeko, hala nola: agurrak, eskerrak eman, eta abar.

Zer nolako harrera jaso du orain arte egitasmoak?

Oso erantzun ona jasotzen ari da, bai hemen eta kide europarren artean. Zerbitzuaren erabilgarritasuna da bere baliorik nagusiena, gaur egun edonork baitu mugikorra eta tarte batean, joko sinple batekin entretenitu eta aldi berean euskara hiztegiaz baliatu zaitezke.

Teknologia berriak hizkuntza gutxituen aliatua direla uste al duzu?

Jakina. Izan ere, teknologia berriak oso baliagarriak izan daitezke hizkuntza gutxituei hauspoak emateko. Are gehiago, hizkuntza gutxituetako hainbat herrialdek elkarlanari ekinez, Moblang gisako egitasmoak bultzatzeko behar den finantziazioa lortu daiteke. Gure kabuz garestiegia izan daitekena -esaterako, Play Station-en bideojoko bat euskaratzea izugarri garestia da-, denon artean bideragarria da. Tamalez, finantziazioak du beti azken hitza.

Etorkizunari begira, zer helburu dituzue?

Gure xedea da euskarak ahalik eta aukera gehien izatea teknologia berrietan. Ildo horretatik, Moblang-en aplikazioa zabaltzea gura dugu, bai euskarriei dagokienez bai eta maila altuagoko hiztegiak gehituz (Europako hizkuntza erreferentzia markoa aintzat hartuz) edota beste hizkuntzei ere egokituz, frantsesa, kasu. Teknologiak merketu ahala, horrek ateak irekitzen dizkie ingelesa ez diren beste hizkuntzei. Argi dagoena zera da: jendeak ez dio uko egingo teknologia jakin bat erabiltzeari euskaraz ez egoteagatik. Gauzak horrela, gure egitekoa da ahalik eta aplikazio edo zerbitzu gehien euskaraz eskaintzea.