Mungiak HAPOrako ekarpenak egitera animatzen ditu herritarrak. Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko prozesuan murgilduta dago, eta, horretarako, bizilagunen beharrak eta proposamenak ezagutu nahi ditu, planaren azken idazketari begira kontuan hartzeko. Horretarako, Baietz ein! Etorkizuneko Mungia alkarregaz! lelopean, Udalak webgune bat sortu du herritarren proposamen eta kezkak jasotzeko.Baietz ein! Etorkizuneko Mungia alkarregaz!

"Datozen urteetako hirigintza-garapenerako norabidea markatuko duen tresna da, mungiar guztien artean eraiki nahi dena", diote udaletik. Esan beharra dago, uztailean proiektu hau aurkeztu zenetik hona, mungiarrek mugikortasun iraunkorrari, lurzoru industrialei eta etxebizitza eskaintzari buruzko ekarpenak egin dituztela jada.

Gobernu taldeak adierazi duenez, "hurrengo hamarkadako Mungia marrazteko lan politaren aurrean gaude, eta lehentasuna bat da: gure udalerria bizitzeko gune erakargarria izatea, aukera desberdinak eskainita. Oinak lurrean ditugula egin nahi dugu, norberaren esperientziatik ikasita eta hiriaren diseinu orekatuaren aldeko apustua eginda, eta herritarren behar eta asmoak aintzak hartuko dituen emaitza koherentea lortu nahi dugu". Udalak animatu egiten ditu herritarrak, alkarteak eta kolektibo desberdinak plan berriaren diseinuan protagonista izan daitezen; eta horretarako, "euren aburuz egokiak diren ekarpenak http://mungiaplanorokorra.eus/ webgunean azaltzeko aukera izango dute".

Oso garrantzitsua

Bertan aurkituko dituzte hainbat dokumentu. Hauen artean, Herritarrek Parte Hartzeko Eskuliburua (prozesuaren zein fasetan eta nola parte har daitekeen azaltzen du), Aurretiazko Txostena (plan barrian kontuan hartu beharreko lurralde- eta hirigin-tza-araudia aztertzen du eta proposamenak egiteko oinarri gisa balio du) edo Herritarrek Parte Hartzeko Programa (helburuak, estrategiak, mekanismoak eta parte hartzeko kronograma ezartzen ditu).

Oso dokumentu garrantzitsua da herriaren hazkundea egituratu ahal izateko. Are gehiago kasu honetan, indarrean jarraitzen duen azken plana duela 24 urtekoa denean.

Uztailean Udalak informazio-ekitaldi bat antolatu zuen, eta herritarrek modu positiboan erantzun zioten, izan ere, "Olalde Aretoaren edukiera bete egin zen; bertan argitu ziren plan berriaren lehen urratsak eta, zehazki, herritarren parte-hartzearen prozesua". Esan duten bezala, "iritzi guztiak hartuko dira kontuan diagnostiko partekatu bat egiteko eta teknikariei etorkizuneko estrategiak ezartzen laguntzeko".