mungia - Betikolez urte hasieran, Mungiako biztanleria irrikitan dago San Antontxu jaiek eskutik dakartzaten ekintza guztietaz gozatu ahal izateko. Bertan, danetariko ekintzak egongo dira, kultura, gastronomia eta identitate mungiarra nagusi izanda jendez betetako herriko kaleetan. Kirolak ere presentzia nabarmena izango du datozen egunetan, izan ere, domeka honetan, urtarrilak 12, Mungiako Herri Krosaren XXI. edizioa ospatuko da Mungiako Udalak eta Mungia Atletismo Taldeak prestatuta. Atzo, Torrebillela Kultur Etxean ekimen osasuntsuaren aurkezpena jaso zuen Ager Izagirre Mungiako alkatea, Nagore Torre alkateorde eta kirol arloko zinegotzia, Eukene Guarrotxena Mungia Atletismo Taldeko lehendakaria eta Rakel Mateo korrikalariaren eskutik. Aurtengoan, antolakuntzak aurreko urteko arrakasta errepika-tzea espero du eta horrenbestez, 1.200 ume ingururen presentzia eta ehundaka nagusiren presentzia espero da herriko eta bere inguruetako kaleetan zehar korrika egiten, izan ere, aurreko urtean ia 2.000 pertsonak hartu zuten parte guztira. Lasterketa adin eta prestakuntza maila desberdinetako korrikalarientzat egongo da egokituta eta, gainera, bertoko partehartzaile guztiek hamaiketako osasungarri bat jasoko dute zero kilometroko produktuek osatuta.

Nagusiak izango dira zirkuitoko irteera hartuko duten lehenengoak. 10:30etatik aurrera hasiko dira korrika eta bi aukera izango dituzte; lehenengoa, 14 urtetik gorakoentzako, bost kilometrokoa (zirkuitoari itzuli bat) eta bigarrena, 16 urtetik gorakoentzako, hamar kilometrokoa (bi itzuli). Era berean, 40 minutu baino gutxiagotan egin beharko dute ibilibide laburra eta ordu eta ordu eta laurden baino lehen luzea. Umeei dagokienez, bedera-tzi izango dira guztira eguerdiko 12:00ak eta 13:25ak bitartean egongo diren frogak, 2016 eta 2006an bitartean jaiotako adin desberdinetako haurrei zuzenduta. Halaber, distantziak 200 eta 1.609 metro bitartekoak izango dira, denak parthartzaileen adinaren araberako neurriarekin, noski.

izen-emateak Herri Kroseko inskripzioak Sportsmaniac web-gunearen bitartez egin ahalko dira hamaika euroko salneurriaren truke. Bestalde, dortsalak bildu ahal izateko bi data finkatu ditu antolakuntzak. Lehenengoa barikua izango da, urtarrilak 10, eta arratsaldeko 19:00ak eta 21:00ak bitartean hartu ahal izango dira eta bigarrena zapatua, hilak 11, 18:00ak eta 21:00ak bitartean; bietan Mundiako udaletxeko aterpean. Gainera, egunean bertan izena eman ahal izango da froga bakoitza baino 20 minutu lehenago 15 euroren trukean. - O. Pérez