UGAO-MIRABALLES. Ugao-Miraballesko Udalak Udiarraga kalearen hegoaldeko muturrean eta Arandia aldean zoruak eta oinezkoentzako guneak berritzeko obrak amaitutzat eman ditu.

Lanak 2019ko amaieran hasi baziren ere, Covid-19aren pandemiak eragindako krisiak zenbait lan atzeratu ditu, eta azkenean uda hasieran amaitu dira.

Jarduketa honen bidez, Udalak hiri-espazioak eta dauden azpiegiturak berritzen jarraitzeko duen konpromisoa sendotzen du. Gainera, proiektu honetan hiriguneko eremu hauetan irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko helburua gehitzen da, batez ere Arandia auzoan. Izan ere, uda sasoi honetan jende asko joaten baita kirolinstalazioetara, haurrentzako jolasetara eta igerilekuetara.

Proiektu honen azken inbertsioa 48.470 eurokoa izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren kofinantzaketa izan du. Joan den ekitaldian, Ugao-Miraballesko Udalari 26.524 euroko diru-laguntza eman zion, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Foru Sailak sustatzen duen udal-eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoei lotutako azpiegituretarako inbertsioak sustatzeko laguntza-programaren esparruan.

2020KO AURREKONTUAK EGOKITU DITU UDALAK

Bestalde, uztailaren 28an, asteartea, egindako osoko bilkuran, Ugao-Miraballesko Udalak 2020ko udal aurrekontuak egungo egoerara egokitu zituen, joan den urteko abenduaren 19an onartutakoak (4,83 milioi euro). Larrialdi-egoerak zerga-bilketaren jaitsiera ekarri du, eta horrek, Ugao-Miraballesko Udalaren kasuan, ekitaldi honetarako aurrekontua berrikustera eraman du. Hainbat partidatan doikuntzak egin ondoren, aurrekontu berria 322.102 euro murriztu da; beraz, 4,5 milioi euro ingurukoa izango da.