BILBO. Horri esker, egoitzako erabiltzaileak landare, barazki eta fruitu arbolekin aritu daitezke, eta on egiten die. Baratze horiek -bereziki pentsatuak gurpil-aulkian dabiltzanei eta guztiz irisgarriak- martxan daude dagoeneko, eta egoitzako erabiltzaileek zein beren familiek eta zentroko langileek bertan landatutako espezieak ukitu, usaindu, dastatu eta haiekin gozatu eta ikasi dezakete.

Proiektuaren bigarren fasea lorategiaren gainerako zatian burutuko da, sarreratik eskuinetara dagoen gunean. Material birziklatua erabilita eta berritu diren guneetan erabilitako permakultura printzipioei jarraiki, sei baratze sortuko dituzte. Sei espazio horietako bana Lehen Hezkuntzako maila bakoitzari egokituko zaio, 6 eta 12 urte arteko haurrei, alegia. Bertan, hilean behin, tailer bat egingo dute curriculum-edukiak lantzeko, hala nola pertsona errefuxiatuen gaia edota 'Arimen gaua'. Horrez gain lurra landu eta nekazaritzaz ere ikasi egingo dute. Egoitzan bizi diren pertsonek ere tailer horietan parte hartzeko aukera izango dute, eta ikasleak lagundu ahal izango dituzte baratzeak zaintzeko lanetan.

Irailaren 23an, astelehena, lehenengo tailerra egin zuten, udazkeneko ekinozioa aprobetxatuta. Hemendik aurrera konpostagailuak, ur-puntuak, erdialdeko baratze mailak eta aisialdi guneak jarriko dituzte martxan, eta haurrek nahi dutena landatu ahal izango dute. Behin landatuta, bildutako guztia etxera eramango dute, beren familiekin batera dastatu ahal izateko. Uneoro izango dute ikastetxeko irakasleen laguntza, eta Guraso Elkartearen parte hartzea ere bilatuko da, denon mesederako.

Bestalde, nabarmentzekoa da urduñar guztiek modu boluntarioan parte hartu dezaketela baratze lanetan. Dagoeneko badago baratzeak lantzen dituen talde bat, eta haiekin bat egin nahi duena udal egoitzako harrera-bulegora hurbildu daiteke informazioa eskuratzeko. Proiektu osoaren oinarrian edible cities edo hiri jangarrien ideia dago, Britainia Handian eta Irlandan aski zabaldua dagoena. Ekimen honen bidez lorategi publikoak permakulturan oinarritutako hiri-baratze bihurtu nahi dira bizilagunen mesederako eta, kasu honetan, heziketarako tresna gisa ere baliatu daitezke.

Oinarri hauek Urduñako Udalak proposatutako garapen agroekologikorako proiektuaren parte dira; proiektuak udal sukaldea du oinarri, zeinak dagoeneko ikastetxe publikoari eta egoitzari zerbitzu ematen dion.