UGAO-MIRABALLES. Ugao-Miraballeseko Udalak Bartolome Deunaren elizaren arkupeak zaharberritzeko lehenengo aurrepausoa eman du. Pasaden hilean 30.842,98 euroko partida, BEZa kanpo, aprobatu zuten proiektua abiarazi ahal izateko.

“Elizaren arkupeen hobekuntza eta egokitzapena Gobernu talde honek bere hauteskunde-programan hartutako konpromisoa da eta konpromiso hau errealitate bihurtzeko eman beharreko lehenengo pausua da. Eraberritze lan hauei esker, pasealekua eta ibaiaren ingurunea udalerriko erdigunearekin lotuko ditugu, elizaren arkupeak hustuz”, adierazi du Ekaitz Mentxakak, Ugao-Miraballesko alkateak.

Erlijio-eraikinak edertzeko eta udal zerbitzuak emateko 2005. urteko maiatzean Udala eta parrokiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenari erantzuten dion ekimena da. Era berean, proiektua “Ugao-Miraballesko paisaiaren Ekintza Planaren” barruan kokatzen da, non elizaren inguruak hobetzeko konpromisoa jasotzen den.

Kontratua formalizatu ondoren, adjudikaziodunak hiru hilabeteko epea izango du proiektua entregatzeko. Proiektuak besteak beste, aurrekariak eta aurretiko egoera, premiak, planoak, lanen plangintza gauzatze-denborekin eta hartutako soluzioaren justifikazio tekniko eta ekonomikoa jasotzen dituen memoria deskribatzailea izan beharko du.

Lanei dagokienez, iparraldeko arkupea zein hegoaldekoa berreraikiko dira. Harrizko zoladura desmuntatuko da, berriz jarri eta sarbidea egokituko da elizarako sarrerako oztopo arkitektonikoak kenduz. Gainera, hegoaldean, lurra, ibaiko pasealekuarekin lotzen den eskailera berri bateraino luzatuko da.

Azpimarratzekoa, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturala Zerbitzuak eskatuta, Ugao-Miraballesko Udalak aurretiaz azterketa arkeologiko bat egingo duela non eskuhartzearen irizpideak zehaztuko diren.