Autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde borroka egin zuten miliziano eta gudari bermeotarrak omenduko ditu ekainaren 16tik 18ra bitartean Bermeoko Udalak. Ekitaldi nagusia ekainaren 18an egingo da Goiko Plazan eta, bertan, Juan Azkarate Araukua itsas-gudariak protagonismo berezia izango du bere 100. urtebetetze egunean. Hala ere, beste zenbait ekimen ere izango dira, solasaldia edota dokumentaln baten emanaldia tarteko. Guda Zibilaren eta Matxitxakoko batailaren 85. urteurrena betetzen den urte honetan, “gure historia eta nortasuna” balorean jarri nahi dituzte, Aritz Abaroa alkateak nabarmendu zuenez.

Azkarate Araukua Euskadiko Itsas Armada Laguntzaileko gudari izan zen bermeotarrak plazan jarriko den plaka bat inauguratuko du goizeko 10:30ean hasiko den ekitaldi berezi eta irekian. Ekitaldi honetan, gainera, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak, Bermeoko Txistulariak taldeak eta Bermeoko Abesbatzak parte hartuko dute. “Hiru eguneko ekimen hau Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren laguntzarekin antolatu da”, azaldu dute.

Ekitaldi nagusia ekainaren 18an izango bada ere, ekainaren 16an, Matxitxako Nestor Basterretxea aretoan 19:30etatik aurrera. Berau izango da lehen hi-tzordua. Hurrengo egunean, ekainaren 17an, Matxitxakoko bataila eta memoria. Angel Ituarte gudari bermeotarraren ibilbidea izenburupeko hitzaldia eskainiko du Arrantzaleen Museoan Iñaki Goiogana historialariak 19:00etan. Omenaldia, beraz, hiru egunekoa izango da. “Bermeotar guztiak egun horietan zehar egingo diren ekimenetara gonbidatu nahi ditugu Udaletik. Pertsona hauek gure herriaren askatasunarengatik egin zutena goraipatu nahi dugu”, zehaztu zuen Abaroak. “Udal Gobernu honen helburu estrategikoetako bat da gure nortasuna eta historia balioan jartzea memoria historikoa landuz eta bermeotar hauek egindakoa horren erakusle garbia da. Izan zirelako gara eta garelako izango dira eta hori da ekimen honen bitartez erakutsi nahi duguna”.

Eta jarraitu duenez, “historia errepikatu ez dadin historia bera ezagutu behar dugu eta aukera ezin hobea izango da Bermeotik mila gutxira gertatutako Matxitxakoko Bataila ezagutzeko. Belaunaldi berriek gure asabek bizitakoa ezagutzeko aukera izango dute hitzaldi, dokumental eta ekainaren 18an egingo den ekitaldiari esker. Uste dut oso hunkigarria izango dela. Gainera, erakunde modura horrelako omenaldi bat zor geniela uste dut eta iritsi da momentua”.