Urteak dira Lekeitioko eskola publikoko hezkuntza komunitateak estalki finko baten beharra aldarrikatzen zuenetik. Euria edo denbora txarra egiten zuenetan arazoak sortzen ziren. Bada, beharrizan honi aurre egiten hasia da Lekeitiko Udala. Aurreratu dutenaren arabera, 640.000 euroko inbertsioa egingo dute, orotara 580 metro koadro izango dituen estalki bat eraiki-tzeko. Udal arduradunen arabera, lanak ikasturte amaitzean hasiko dira, lehen fase baten bitartez.

Lekeitioko Eskola Publikoaren eremu estalia “handitu eta jolaserako espazio babestua handitzeko asmoz” egindako lanak izango dira hauek, estalki finkoa jarriz eta behar bezalako egitura bat eraikiz, modernoagoa eta seguruagoa izango dena. “Iazko urtean behin behineko karpa bat jarri zen eskolako eraikin bien artean eta orain estalki finkoa jarriko” dela azaldu dute. Baita erabiliko den estalkiaren gaineko zehaztapenak eman ere. “Guztira 580 metro koadroko azalera izango ditu, egitura metalikoan eraikiko da eta argiztapen naturala bermatzeko panelak barneratuko ditu”.

Ez da lehen aldia Lekeitioko Udalak Larrotegin kokatutako hezkuntza komunitatearen aldeko lanak egiten dituena. Eskola eraikinean eginda ditu lanak aspalditik, eta aurtengo udan, adibidez, Haurreskola eraikina garai berrietara egokitzeko lanak egingo dira. Azken urteetan irisgarritasuna hobetze aldera egin ditute beharrezko ziren lanak, baita eraikinaren egitura moldatzeko ere. Hala ere, oraingo udan 0 eta 3 urte arteko umeentzat erabilgarri izango diren egokitzapenekin jarraituko dute.

Bi fasetan

Estalkiari dagokionean, “lanak bi fasetan egingo” direla azaldu dute. Bada, “aurtengo udan indusketak, zimenduak, lur azpiko instalazioak eta zorua” egiteari ekingo diote eta datorren urtean “estalkiaren egitura, argiteria eta megafonia instalatuko dira”. Beraz, lanak datorren uda osterako izango dira amaituta, beti ere aurreikusitako prebisioak arazo barik betetzen badira. Lan hauek aurrera eramateko ia 640.000 euroko inbertsioa egingo dela adierazi dute.

Era berean, “haur eskolako berrikuntza lanekin jarraituko da uda honetan. Honekin, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako eraikina egokituko da, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko. Gelak, aldagelak, komunak eta biltegiak berriztuko dira. Iaz 71.000 euro inbertitu ostean, aurten beste 105.000 euro erabiliko dira, hau da, guztira 176.000 euro inbertituko dira haur eskolaren hobekuntzarako”.