- “Aldez aurretik ondo landutako aurrekontuari” baietza eman dio Ispasterko udalak aurtengortako, Euzko Alderdi Jeltzalearen eta EH Bilduren oneritziaz. orotara 1.2 milioi euro izango dituzte. Iazkoa baino handiagoa, %19a gehiago, ekonomiaren berpizkundeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako Udalkutxaren igoerak isla du aurrekontuan. Honek zuzenki inbertsioen kapituluan izango du eragina, izan ere %36a inbertsioetara bideratzea espero dute udal agintzariek. Besteak beste, udalerrian orain dela zenbait urte martxan jarritako bero sarea handitzea izango dute helburu nagusi, baita efizientzia energetikoan eragin ere.

Inbertsioetarako 450.000 euro izango dituztela jakinarazi dute, “herriaren beharrizanak asetzeko bieratuko ditugunak”. “Erdigunean daukagun eraztun energetikoa handiztea nahiko genuke, beste eraikin publikoetara heltzea da helburua: medikuaren kontsultategira, botikara eta udalak daukan beste lokal batera”, adierazi du Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak. Inbertsioen alorrean ere, “partida bat jarri dugu ibiligailu elektrikoa sustatzeko”. Hala, 70.000 euroko partida gorde dute, ibilgailu elektrikoa erosteko eta baita bi gune ipiniko dituzte, bata herrigunean, eta bestea udal-pabiloian.

Beste 70.000 euro saneamendu lanak egiteko izango dira, zehazki, Sarandu inguruan lanak egiteko. “Beti izaten dugu aurrekontuan partidaren bat hañako lanak egiteko, eta aurtengoan ere halaxe izago da, gaineratu du alkateak. Udalerrian ibilbide berriak ere sortzeko ekimena maneiatzen dute. “Oraindik ez dugu proiektua zehaztu bere osotasunean, baina agindua eman dugu berau egiten hasteko. Aurten ibiltzeko zein bizikletan aritzeko ibilbideak indartu nahi ditugu, adin guztietarako ibilbidea eginez eta denon eskura jarriz”, Saenz de Buruagaren esanetan. 75.000 euro bideratuko dituzte. Azkenik, depositoaren inguruko lursailak ere erosi nahi ditu udalak. Eta aurten egingo duten kontua izango da.

Ingurumen, zaztar batze eta gizarte zerbitzuak Lea Artibaiko Amankomunazgoaren esku utzita -Udalak urtero aportazioa egiten dio, bere biztanleria kopuruari dagokiona-, “herritarren beharrizanak ondo asetuta dauzkagu”. Baina kultur arloan “esfortzu berezia” egingo dute, iaz egin ezin zutena. “Ematen du pandemiaren egoera hobetuko dela, aurtengoan sikieran. Eta iaz ezin izan genituen hainbat ekimen eta egitasmo egin; baina aurtengoan egiteko proposamena luzatu dugu”. Aurtengoan kultur egitasmoak egiteko 280.000 euro gorde dituzte.