usturialdeko udalek, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza Garapen Agentziaren bitartez, enplegua sustatzeko "eta, honenbestez, eskualdeko garapen ekonomikoa indartzeko", enpresei bideratutako diru-laguntza lerroa kaleratu dute. Eskabidea aurkezteko epea 2022ko apirilaren 1ean (barne) bukatuko da eta, guztira, 274.852,96 euro bideratuko dira laguntzetara.

Laneratzea indartu nahi dute eskualdeko erakunde publikoek, Lanbideren laguntzarekin, eta eskualdeko ekonomian inpaktua izatea bilatzen dute. Eta horretarako diruz lagunduko dira datozen asteotan egingo diren kontratatzioak. "Kontratuen iraupena 3 eta 6 hilabete bitartekoa izango da (hala ere, kontratuen iraupena 6 hilabetetik gorakoa ere izan ahalko da. Hori bai, Udalak bakarrik lehenbiziko sei hilabeteak diruz lagunduko ditu gehienez) eta, gutxienez, % 50eko lanaldiarekin". Bestetik, edozein kontratazio-modalitateren bidez formalizatu ahal izango da, "prestakuntza eta ikaskuntza kontratuak izan ezik". Gehienez, 6.000 euro jaso ahal izango ditu diru-lagun-tzen programara atxikitzen den enpresa.

"Diru-laguntzaren zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da gehienez kontratua lanaldi osokoa eta 6 hilabetekoa denean,beti ere,Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa eta Busturaialdean erroldatuta dagoen pertsona bat kontratatzean (soldata-kostuaren % 75, gehienez)". Diru-laguntzaren zenbatekoa 9.000 eurokoa izan daiteke gehienez, lanaldi osoko 6 hilabeteko kontratuagatik. "Kontratatua, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako pertsona, Busturialdean erroldatutakoa eta Lanbideko enplegu-eskatzaile gisa agertu behar da, oinarrietan jasotzen den moduan", Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako behargintzatik jakinarazi dutenaren arabera. Azkenik, informazio-iturri hauek adierazi dutenez, "kasu horretan, soldata-kostuaren % 100era arteko diru-laguntza eman ahal izango da"-

Emakumeen laneratzea

Urteroko diru-laguntza hauen eskabideak egiteko azken eguna apirilaren 1a izango dela zehaztu dute, egun hori barne izanik. Eta bi kasuetan, kontratazioa lanaldi partzialekoa edo hiru eta sei hilabete artekoa denean, "diru-laguntza lanaldiaren eta/edo lan egindako denboraren proportzionala izango da". Bada, emakumeen laneratzeak ere abantailak izango dituela nabarmendu dute Busturialdeko erakunde publikoetako arduradunek. "Oinarrien arabera, toki-erakundeek gutxienez emakumeen % 40ren kontratazioa bermatu beharko dute. Gainera, kontratazio horiek direla-eta, laguntza % 10 handituko da".