Bermeoko Udalak herritarren iritzia ezagutzeko prozesu parte-hartzailea abiarazi du, azken urteotan egin duen antzera. Helburua argia da: bermeotarren lehentasunak zeintzuk diren jakin nahi ditu datorren urteko aurrekontuaren exekuzioan islatzeko. "Prozesu honetan parte hartzeko inprimaki bat bete beharko da eta irailaren 22an bukatuko da bozkatzeko epea", udal-administrazioko aruduradunek aurreratu dutenez. Aurten gainera, galdetegia on-line ere erantzun ahal izango dute interesdunek, "herritar guztiei modu erosoenean parte hartzeko aukera" eskaintzeko eta "bereziki herriko gazteen parte-hartzea bultzatzea" dituztelarik jomuga.

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo den inprimakia Bermeoko etxe guztietara bidaliko da eta, bertan, galdetegia erantzuteaz gain, adina, sexua eta kale edo auzoa besterik ez dira adierazi beharko. Udaletik adierazitakoaren arabera, "baten batek galdetegiaren ale gehiago behar izanez gero, dokumentua Bermeoko udaleko webgunean eskegita egongo da deskargatu ahal izateko eta liburutegian, Berhazen edo kultur etxean ere eskuratu ahal izango da". Parte-hartzea modu errezean egingo dute, izan ere alde batetik, udal gobernuak 2022an gauzatu daitezkeen 11 proiektu aurkeztu ditu inprimakian. "Herritarrak bere lehentasunen arabera puntuatu beharko ditu 1etik 10era aipatu proiektuak. Puntu 1, bere ustez, lehentasun txikiena duen ekimenari eta 10 puntu lehentasun handiena duenari. Bestalde, bigarren ariketa modura, parte-hartzaileak Bermeo eta bermeotarrentzako onuragarriak izan daitezkeen ekintza edota proiektuak planteatu ahalko ditu".

Inprimakia bete ostean, dokumentua liburutegian, Berhazen edo kultur etxean entregatu ahal izango da da. Irailaren 22a izango da inprimakia entregatzeko azken eguna. "Ahalik eta parte-hartze handiena lortzea da Udalaren helburua, 2022ko aurrekontua herritarrek adierazitako lehentasunen arabera eta hauek egindako ekarpenak aintzat hartuaz diseinatu eta exekutatu ahal izateko. Horrela, dokumentua fisikoki betetzeaz gain, aurten online bete eta bidali ahal izango da, parte-hartzea sustatu eta gazteen lehentasunak identifikatzeko. Udal Gobernuak parte-hartzera gonbidatzen ditu herritar guztiak eta beraien iritziak eta lehentasunak zuzenean adieraztera".