Azken urteetan egindako indusketa-lanek jarraipena izango dute aurten ere. Atabaka elkarteak hitzordua jarri die auzolanean aritu nahi duten boluntarioei, abuztuaren 21etik eta 24ra arte, egunero eta goizeko 09:00etatik hasita. Boluntarioak behar dituzte horretarako, eta oraingoan Lekeitioko Garraitz uhartean "egindako azken katetan agertutako txanponen arrastoari jarraitzen ahaleginduko" direla jakinarazi dute, "eta mendeetan zehar zalantza barik islan egin ziran ehorzketak (lurperatutakoak) non egin ahal izan ziren ere" jakitea dute helburu.Ohikoa da Atabakak indusketak egitea abuztuan. "30 edo 35 boluntario biltzea" espero dute, Aranzadiko teknikari Alfredo Morazak gidatutako taldeak osatuz. Lekeitioko ondarea balioan jartzeko jomuga duen elkartea burubelarri dabil Garraitz 25 proiektua lantzen. Ekimenak Garraitz irlako sekretu arkeologikoak azalarazi nahi ditu, 2025 urterako, Lekeitioren sorreraren 700 urteurrenean. Azaldutakoaren arabera, abuztuaren 21, 22, 23, 24ean "goizeko 9:00etan hasiko gara eta batzeko lekua, beti lez, Isuntza hondartzako malekoiaren hasiera izango da. Eguerdira arte egongo gara, mareak itxi arte". Indusketez gain, "frantziskotarren komentuaren ekialdeko sastrakak garbitzen jarraituko" dute. Boluntarioek eskularruak eraman behar dituzte, eta osasun-neurriak zorrotz beteko dituztela gaineratu dute.

Seigarren urtez arituko dira irlan lanean. Eta iragandako indusketetan aurkikuntzak egin dituzte, hala nola orain bi urte topatutako XIV-XV mendeetako moneta belgikarrak. Oraingoan, bada, irlan izandako lurperaketak aurkitzen saiatuko dira. "Komentu eta ermitaren inguruan arituko gara, ea posible dugun aurkikuntza berriak egitea. Aranzadi Zientzia Elkarteko Alfredo Moraza izango da buru, bera baita zuzendaria", diotenez.

Lan egingo dute gunea ere berezia da oso, Parke Arkologiko izaera duelarik. Izan ere, azken urteetan, Lekeitioko Udala eta Lekeitioko Atabaka Elkartea, Aranzadi zientzia elkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, pausoak eman dituzte Garraitz irla balioan jartzeko. Baita lortu ere. Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzak Garraitz uharteari (San Nikolas izenaz ere ezaguna) Parke Arkeologiko izaeraren aitorpena egin zion 2019 urteko maiatzean. Gaur egunera arte uhartean aurkitu diren aztarna arkeologikoen egiturak Erdi Aroaren amaierakoak, aro modernokoak eta garaikidekoak dira (XIV-XIX. mendeak); dena dela, ezin da baztertu etorkizunean erromatarren aroko okupazio bat aurki daitekeenik, hau da, Lekeitioko hiribilduaren inguruan aurkitu denaren modukoak.

Hala ere, oraindik sekretuak deskubritzeke ditu Garraitzek. "Irlan aztarna ugari daudela egiaztatu delarik, gune ezberdinak ditu, tipologia eta kronologia desberdinei dagozkienak: San Nikolas ermita zaharraren eta Frantziskotarren komentuaren aztarnak hegoaldean, eta gotorleku batzuk, irlaren erdialdean eta iparraldeko muturrean kokatuak. Egindako lanetatik ondorioztatzen da irla okupatuta egon dela Erdi Aro berantiarretik, garai modernora eta garaikidera arte; hau da, XIV. mendetik XIX.era".

GARRAITZ

Garraitz (San Nikolas bezala ere ezagutua) Lekeitioko badiaren erdigunean kokatuta, euskal kostaldearen gune esanguratsuenetakoa da. Tamainari dagokionez txikia izan arren (6,50 hektareako hedadura baino ez dua) eta itsasoarekiko 50 metroko altuerara baino egon ez arren, bere hegaletan, ondare natural eta kultural aberatsa dauka eta horregatik erreferentea da euskal itsasertzean. Izendapen honek, uhartearen balioa berreskuratu, babestu eta Lekeitioko paisaian barneratzea du helburu, izan ere gure herriko ondare garran-tzitsua da eta. "Ekimen honekin gainera, ikerketa, kontserbazioa eta elkarlana ere sustatu nahi dira. Denbora luzez, Garraitzeko irlaren lurrak hainbat okupatzailek kolonizatu zituzten eta hauek legatu eta arrasto bereziak utzi. Uhartea lehorrarekin konektatuta dago Lekeitioko portua Lea Ibaiaren jalkinetatik babesteko eraiki zen dike baten bidez. Pasabide horri esker itsasbehera dagoenean uhartera irits daiteke".