Aurki hasiko dira Lekeitioko bulego berria eraikitzeko lanak. Irailean ekingo diete lanei, zehazki. Udalak orain gutxi adjudikatu ditu bisitariei zerbitzu emateko gune berria, 282.000 eurotan, eta datorren urteko udarako prest izatea espero du toki-administrazioak. Eliz Atea inguruan kokatutako gasolindegi zaharrean kokatuko da eta obrak "16 asteko iraupena izango duten bi fasetan" egingo direla zehaztu du Koldo Goitia alkateak, zeinek egitasmoaren garrantzia izan du hizpide. Izan ere "obra honekin Alvaro Libano autoreak, nazioarteko abanguardia estilo barruan egindako proiektua berreskuratu eta eraikinaren estilo arrazionalista mantentzeko erreforma egingo da" eta, bestetik, turistentzako harrera-gune berria sortuko da.

"Turismoa udalerriko sektore ekonomiko garrantzitsuenetarikoa da, enplegu nahikoa ematen dituena- Eta beharrezkoa genuen bulego berria izatea, bisitariak hobeto artatzeko", zehaztu du Goitiak. "Lekeitioren motore ekonomiko" dela nabarmendu du alkateak, Lea-Artibai eskualdean ere bisitari gehien batzen duen udalerria izanik. Eta badago beharrizana oraingo turismo bulegoa, udaletxe azpian dagoena, "beste eraikin batera eramateko. Printzipioz, San Pedro jaiak baino arinago amaitu nahi ditugu lanak, horrela turismo bulego berria uda parterako erabilgarri izanez". Goitiak "garrantzitsutzat" jo du proiektuari ekitea, urte askotan lan egin ondoren. "Aspalditik datorren proiektua da, eta datorren urtean amaiera ematea espero dugu. Pausoz pauso eman ditugu beharrezko urratsak", dioenez.

Gasolindegi zaharrean kokatzea erabaki zuen Udalak aspaldi, eta pixkanaka-pìxkanaka pausoak ematen ari da lekualdatzea errealitate bihurtzeko. Bada, proiektua idazteak 10.971,07 euroko kostua izan zuen baina guztira 578.062,81 inguru inbertitu izan dira Eliz Atearen berrikuntza lanetan, gunea osorik berritzeko. Ildo honetatik, 2016an Udalak" gasolindegi zaharraren inguruko lurzorua aztertzeko eta lurzoru kontaminatua aitorpena egiteko eta saneatzeko prozesuak eta obrak egin zituen. Bestalde, gasolindegiko lurzorua ordenazioz kanpo zegoela eta, arau subsidiarioen aldaketa puntuala egin zen, berton esku hartu ahal izateko eta bere erabilera aukerak gehitzeko". Eguneratzen lanetarako, berriz, 282.000 euro jarri ditu toki-administrazioak.

Proiektu honekin, Udalak bere "baliabideak optimizatu eta urte askoan erabilpenik izan ez duen eraikina berreskuratu nahi du", behar bezalako zerbitzuak emateko. Turismo bulego berria kokatzeko gunea "ezin hobea dela baloratu da: besteak beste, Lekeitioko erdigunetik hurbil dago eta alde zaharra, eliza, portua edota hondartza alboan daude". Eta turismo arloko lana hobetzeko baliagarri izango da. Bulego berria "gune ezberdinetan banatuko" dela jakinarazi du Udalak, "besteak beste, bisitariak hartzeko harrera eta bilera gela bat" izango dituelarik", eta gaur egun erabilgarri duen bulegoareen hedadura handituz, gainera. Eliz Atean kokatuta dagoen eraikina, Alvaro Libano arkitektoak 1962an diseinatu zuen eta nazioarteko abangoardia edo arrazionalismo estilokoa da. "Urte horretatik eta 2007ra bitartean gasolindegia egon zen bertan", Udaletik diotenez.