Aste honetako Bermeoko Udalaren Osoko Bilkuran, Gaztelugatxeren zaintzarako erakundeen arteko koordinazio irekiaren alde agertu dira aho batez alderdi politikoak: EAJ, EH Bildu eta Guzan. Horretarako, "eskumendun erakundeei elkarlana eskaini eta koordinazino-gune batean lan egiteko eskatu die kudeaketa horretan inguruaren jasangarritasuna, ondarearen zaintza eta balioztapena, tokiko ekonomiaren suspertzea eta Gaztelugatxe eta Bermeoren arteko lotura historiko, natural eta emozionala bermatzea ezinbestekoak direlako".

Udalak, "ingurunearekin lotura duten eragileen koordinazio-gune bat eratzearen beharra" ikusten du. Gaztelugatxeren zaintza xede nagusi izanik, "lantalde koordinatu baten aldeko deia luzatuz eta erakunde gisa, bere esku dauden neurri guztiak bultzatzeko borondatea" adierazi dute herriko alderdiek. Jakina denez, "Udalak, turismo jasangarri baten aldeko apustua egin du eta hausnarketa sakon bat egitea eskatzen du biotopoak sortzen duen inpaktu ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoaren inguruan". Ildo horretan, inpaktu horrek inguruko herrietan eragin nabarmenagoa izate aldera, neurriak sustatzeko eskaera eta konpromisoa luzatu die eskumendun erakundeei. Udalaz gain, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza edota Bilboko Go-tzaitegia dira eskumena dutenak. "Udalak, kalitatezko turismoa eta enplegua bultzatzu eta bide batez gure ondare kulturala eta naturala babesteko konpromisoa" plazaratu du.

Horrez gain, azken 40 urteetan Gaztelugatxeko zaintzan aritu izan den bolondres taldearen lana "balioan jarri" nahi dute. Eta baita paisaia kultural izendapenetik kanpo gelditu diren ondareak, besteak beste, Matxitxako gudako kanoiak eta Nestor Basterretxearen eskultura zaintzeko" elkarlanean aritzea eskatu dute. "Bermeotarren gotorlekua den Gaztelugatxe, herriaren nortasun, historia, tradizio eta sinesmenekin lotuta dago eta ezin da ulertu ezta ezagutu tradizioa, historia eta sinesmen horiek ezagutu gabe", diotenez.