2015 urtetik gaur eguneraino, landa-guneen garapen ekonomikorako lagungarri diren 54 proiektu diruz lagundu ditu Eusko Jaurlaritzak Lea-Artibai eskualdean, bi milioi euro eskainiz inguruko ekimenen sostengurako. 3,8 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusita, Erein edota Leader bezalako programetan jasotako diru-laguntzak dira hauek. Hauen tramitazio eta aholkularitza lanetan berebizikoa izan da Lea Artibai Landa Garapenerako Elkartearen papera.

Eusko Jaurlaritzatik diotenaren arabera, kopuru horretatik 960.000 euro inguru Erein programatik etorri dira, “erakunde publikoen 18 proiektu eta sustapen pribatuko 10 proiektu finantzatzeko. Guztira, 1,8 milioi eurotik gorako inbertsioa izan da. Proiektu horien artean aipatzekoak dira, adibidez, aterpetxerako sarbideak hobetzea, arte grafikoen enpresa bat martxan jartzea, baserriak eta auzoak argiztatzea, edo jolas eta abentura parke bat garatzea”. Bestetik, eta Leader programari dagokionez, “milioi bat inguru” programa honi dagokio, “eta bi milioitik gorako inbertsioak aurreikusten dituzten 26 proiektu finantzatzeko erabili dira. Besteak beste, eskolak eraberritzea, bidegorrietan zerbitzuak jartzea, euri uren sarea konpontzea eta kirol eremuak egokitu eta hobetzea”. Onuradun izan diren proiektu hauek bertatik bertara ezagutzeko, orain gutxi izan dira Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Landaren, Itsaser-tzaren eta Europar politiketako zuzendari Jone Fernandez eskualdeanLanda Garapenerako Elkarteko (LGE) ordezkariekin eta inguruko udaletako alkateekin batera.

Izan ere, helburu argia dute Lea-Artibain emandako dirulaguntzek, urteroko deialdietan aurkezten direnak. “Laguntza hauekin landatartasun gradurik handieneko udalerrien sustapena, garapena eta dibertsifikazio ekonomikoa erraztea” dute jomuga nagusi, “eta beren helburu dira enpresak sortu, handitu eta modernizatzea; besteren konturako kontratazioak egitea; azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuak eraikitzea eta konpontzea; turismoa sustatzea; eta etxebizitzen eskuragarritasuna eta bizi kalitatea areagotzea”. Baita gizartea eta kultura dinamizatzea, izan ere beste diru-laguntza lerro bat ere izan dute eskura. “Guztira bi proposamen lagundu dira diruz, 7.000 euro ingururekin”. Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeak antolatuta, “Lekeitiotik Ondarroara kostaldetik egiten den lasterketaren hirugarren eta laugarren edizioak izan dira ekitaldi horiek”.

Lea-Artibai Garapen elkarteari dagokionez, 1990ean sortu zen, eta Markina-Xemeingo udaletxean dauka bere egoitza. Eta bere eremu geografikoa Markina-Ondarroa eskualdea da. “Hamabi udalerri hartzen ditu eskualdeak, nahiz eta Lekeitioko Udala ez den bertako kide, Mendi Nekazaritzako Elkartea eratu zenean Lekeitiok ez baitzuen halakotzat kalifikatutako lurralderik. Hala eta guztiz ere, zuzeneko salmenta egiten dute Lekeitioko udalerrian eta Lekeitioko Udalarekin elkarlanean aritzen gara”. Hamaika udalez gain, “beste 21 erakundek osatzen dute elkartea, gehienak lehen sektoreko elkarteak, baita euskal nekazaritza sindikatuek, landa eremuko emakumeen elkarteek, kultura elkarteek eta lehen sektoreko kooperatibek ere. Sortu zenetik, MIBA kooperatiba da presidente”. Bere zeregin nagusia “lehen sektorea dinamizatzea” da, eta batez ere “zuzeneko salmenta sustatzeko ekintzak egiten ditu, eskualdean zein eskualdez gaindi, eta lehen sektorean sortutako hondakinen bildu eta kudeatu, sustatzaileei aholkuak eman eta laguntzak kudeatu ere bai”.

Egindako bisitaldian zehar, toki-administrazioko arduradunek laguntzak jasotako zenbait negozio ikuskatu ahal izan zituzten. Besteak beste Mendexa Park bisitatu zuten, ”2017ko irailean inauguratu” zena. “Mendexako basoan, natura betean, dagoen abentura parkea da, eta 4 urtetik gorakoentzat egokia. 4 zirkuitu ditu, 70 erronka baino gehiagorekin eta 21 tirolinarekin, eta ibilbide berritzaileak, zuhaitzez zuhaitz tirolinetan, zubi tibetarretan, eskaletan eta abarretan ibiltzea ahalbidetzen dutenak. Mendexako Udalaren ekimenez sortu zen eta Ur Nomade SL enpresak kudeatzen du”. Udalerri berean ere Villa Itsaso Aldegi izena duen XIX. mendeko eraikin” kokatzen da. Hotela gaur egun, “sustatzaileek 2009. urtean inauguratu zuten hotela, eta eraikin berean dute beren etxebizitza eta bi enpresaren egoitza”. Azkenik, Gizaburuagan dagoen zerbitzu publikoen eraikinera jo zuten, herriko osasun zentroa, gaztetxea, ludoteka, erabilera anitzeko lokala, liburutegia-KZ Gunea, gimnasioa eta proiekzio-antzerki gela. Handik Lea ibilbidea ere bisitatu zuten, Lea Ibarreko Udalerriko Mankomunitateak bultzatu eta sustatzen duena.

54 proiektu. 2015 urtetik gaur eguneraino, landa-guneen garapen ekonomikorako lagungarri izan diren 54 proiektu diruz lagundu ditu Eusko Jaurlaritzak Lea-Artibai eskualdean. 3,8 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusita, Erein edota Leader programetan jasotako diru-laguntzak dira hauek.

Programak. Eusko Jaurlari-tzaren iturrien arabera, 960.000 euro inguru Erein programatik etorri dira, “erakunde publikoen 18 proiektu eta sustapen pribatuko 10 proiektu finantzatzeko. Guztira, 1,8 milioi eurotik gorako inbertsioa izan da. Bestetik, Leader izeneko programaren bitartez beste “milioi bat inguru” programa honi dagokio, “eta bi milioitik gorako inbertsioak” aurreikusten dituzten 26 proiektu finantzatu dituzte. Bai erakunde publikoak eta enpresa pribatuak izan dira onuradun.