Uda partean jarri zituzten lehenengoz martxan. Eta herritarrengandik izandako harrera ona aitzakitzat hartuta, Gabonetan ere kanpainari ekingo diote. Bermeoko Udalak aurreikusita zituenak baino 1.000 bonu gehiago jarriko ditu herritarren eskura abenduan zehar. “Izan ere, ekainean abiarazi zuen bonuen kanpainak arrakasta itzela izan du”, diotenez. Bi mila izango dira orotara bonuak, herriko 106 saltokitan erabilgarri izango direnak, 10 euroko -15 euro izango dira gastatzeko- eta 20 euroko -30 euro gastatzeko aukera emango dute- prezioan.

Bermeotarren “erantzun ona” ikusita, “Udalak beste 1.000 bonu gehiago salmentan jartzea erabaki du. Kanpaina honen helburua da herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea eta herritarrek euren erosketak egiteko erraztasun gehiago izatea. Guztira, Udalak 77.500 euro inbertituko ditu ekimen honetan, ia 8.000 bonutan banatuta” azaldu dutenez. Oso pozik agertu dira Udaleko arduradunak. Bonu kanpaina Nik, Bermeon izenburupeko kanpinaren baitan jarri zuten martxan, herrian kontsumitzeko garrantziaz ohartarazteko.

“Oso pozik gaude

“Nik, BermeON” egitasmoaren barruan martxan jarri genuen bonuen kanpaina izaten ari den erantzunarekin. Gure helburua zen herriko saltoki, ostalaritza establezimendu eta turismo enpresak laguntzea eta nik uste neurri batean lortu dugula”, azaldu du Bermeoko Udaleko zinegotzi Kepa Zumetak. “Ez dira garai errazak inorendako eta espero dugu ekimen honek laguntzea. Erantzun ona ikusita eta Gabonetan gastu garrantzitsuak egiten direla ikusita, Udaletik ere ahalegina egin dugu kanpaina honi beste bultzada bat emateko”, azpimarratu du Merkataritza, Sustapena eta Turismo arloko arduradunak.

“Hilabete honetan, hala ere, aldaketa” egongo dela aurreratu dute. “Izan ere, 6 euroko bonurik ez da salgai jarriko eta, gainera, aurreko hilabeteetan ez bezala, bonu guztiak establezimendu parte hartzaile guztietan erabili ahal izango dira. Honela, bi bonu mota aurkituko ditu herritarrak, 106 saltokitan erabili ahal izango dituenak: 10 eurokoa (15 euro izango ditu gastatzeko) eta 20 eurokoa (30 euro izango ditu gastatzeko)”. Hori bai, beti bezala, erosketa bakoitzean, gehienez, bonu bi erabili ahal izango dira eta pertsona bakoitzak lau bonu erosteko aukera izango du. A”zkenik, abenduan erosten diren bonuak abenduan bertan erabili beharko dira”.

Bonuak erosteko aukera bi daude: Kutxabankeko SEJ terminalean (Bermeoko kasuan Lameran dagoen bulegoan) edo modu digitalean (Bermeoko webgunean jarritako loturaren bitartez). Kutxabankeko bezeroentzako ez du inolako gain kosturik, gainerakoentzat, ordea, bonu bakoi-tzeko 0,73 euro”.