Bermeo - Abenduaren 9tik 18ra arte izan ziren erakusgai, gabonetako erosketa kanpainan eragiteko. Bermeoko Gabonetako Erakusleihoen Txapelketak oraintsu eman ditu bere sariak. Emakumeentzako eta gizonentzako arropak saltzen dituen Maiz denda eta Neskutz ile-apaindegia izan dira lehiaketaren irabazleak.

Udaletik azaldu dutenez, "Maiz arropa dendak epaimahaiaren saria jaso du eta Neskutz ile-apaindegiak herritarrena; izan ere, herritarrek euren botoekin erakusleiho ederrenak aukeratzeko eta, bide batez, parte hartzen duten 38 establezimenduetan 500 euro gastatzeko zozketan parte hartzeko aukera izan dute. Aitziber Maguregui herritarra izan da zozketa honen irabazlea". Bi establezimenduetako arduradunek aurtengo txapelketa irabazi dutela ziurtatzen duen oroigarria ere jaso dute, Udaleko ordezkari den Kepa Zumeta zinegotziaren eskutik. Lehiaketa Udalak Berton elkartearen lagunztarekin antolatu du.

Bermeoko Gabonetako Erakusleihoen Txapelketan 38 establezimenduk parte hartu dute. "Bi sari eman dira: batetik, herritarrek erakusleiho onenari emandako saria, 250 eurokoa, Neskutz ile-apaindegiak irabazitakoa, eta, bestetik, epaimahaiak erakusleiho onenari emandako saria, 250 eurokoa eta Maiz-ek lortutakoa". Herritarren boroak izan dira sariketaren gakoak eta, bide batez, "500 euro gasta-tzeko zozketan parte hartzeko aukera izan dute. Horretarako, parte hartu duten establezimenduen izenak jaso-tzen dituen liburuxka batzuk banatu dira, eta erakusleihoak ikusi eta merkatarien zigilua lortu ondoren, herritarrek gustukoena bozkatu dute". Orotara, 500 pertsonak parte hartu dute.

Epaimahaiari dagokionez, Busturialdeko Merkataritza Bulegoko arduradunak, Bermeoko Barrueta elkarteko kide bik eta Arte Ederretan aditua den Bermeoko herritar batek osatu dute. Pertsona hauek "establezimenduen erakusleihoak baloratu dituzte hainbat ezaugarri kontutan hartuta: irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena, sormena, kalitatea, iluminazioa, modernitatea eta berrikuntza".

Gernikan ere Gernika-Lumon ere erakusleiho onenaren sariketa egin berri dute. Parte hartu duten 63 establezimenduen artean Hizer Studio izan da irabazle, 600 euro poltsikoratuz. Bigarren saria Nere Sustraiak Loradendak eskuratu du -400 euro-, eta hirugarrena Naia dendak, 200 euro eskuratuz.