Ondarroa - EH Bilduk Iparragirre eta Iparkale lotzen dituen igogailuaren "mantentze lanetan erakutsi duen utzikeria" salatu du Ondarroko EAJk. Gaineratu dutenez. horren ondorioz "joan den azaroan itxi behar izan zuten azpiegitura", ateko kristala konpondu behar zutela. "Duela urte bete egindako derrigorrezko ikuskapen" baten azaldu zen konponketaren beharra. "Dena dela, azaroan, Udalak kristalik ez zuela aldatu ikusita, jasogailua itxi egin zuten berau konpondu arte". Eta nahiz eta abenduaren "23rako berriz martxan egongo zela" adierazi, "kartel baten bitartez, zabaltzeko eguna urtarrilaren 10era arte atzeratu dute".

"Ulertezina da apurtuta ez dagoen igogailu bat, kristal berri bat baino behar ez duen igogailu bat, hainbeste denboran konpondu ez izana", Maria Dolores Etxano bozeramaile jeltzalearen esanetan. "Alde zaharrean mugikortasun arazoak dituzten hainbeste pertsona dago eta igogailua behar dute, baina ezin izan dute denbora guzti honetan erabili. Gauza batzuk premiazkoak dira eta jarraipen berezia behar dute. Konponketa hau horietako bat da".

Gogorarazi dutenez, "Iparragirre eta Iparkale lotzen dituen igogailua 2009ko urtarrilean jarri zen martxan", alde zaharreko mugikortasuna hobetzeko EAJko Udal Gobernu Talde desberdinek gauzatu zuten zikloaren barruan. Aldez aurretik Kantoipe kalea Udaletxe eta Andra Mari elizarekin lotzen dituena izan zen; ostean, musika eskolakoa jarri zen; eta gero San Inazio eta Kamiñalde artekoa. Jeltzaleek bide beretik lanean jarraitzeko deia luzatu dute. Hala, "Kaleandiko igogailuaren proiektua azkarrago egin dadin" proposatu dute, baita "Artabideko desnibela gainditzeko beste" bat eraikitzeko lekua azter dadila. "Kamiñazpiko proiektua ere bizkortu behar da; Gobernu Taldeak iragarri zuen egitasmo hori baina ez dakigu beste ezer horri buruz". - I. F.