Forua - Orain dela 80 urte gertatutakoen bizipenak ikusgai dira Foruko udaletxeko bilkuran zabaldu berri den Oroimenez erakusketan. Memoria historikoa langai izanik, Mauro Saraviak eratutako mostrak Gerra Zibilean eta osteko garai latzetako gertaeretan murgiltzeko aukera ematen du, modu interaktiboan. Hamalau dira erakusten diren istorio ezberdinak, argazkien bitartez eta bakoitza bere pertsonai edo kontu propioa ardatz duela, baina horietako lautan barrenerago jotzeko aukera ematen du mostrak. Mugikorrerako aplikazioa lagun -google play delakoa-, "argazki horien atzean dagoen errealitatean sartzeko aukera dago", Saraviaren hitzetan. Galdera-erantzunen tankerako jokoan, "pertsona horiek sufritutakoa hobeto ezagutarazten du".

Inoiz argitara eman ez den Durangoko bonbardaketatik bizirik irten zen emakume baten bizipenak, atzerrira -Chilera, zehazki- joandako euskaldun baten istorioa, Gerra Zibilean eraildako gizon baten lurpetik atera-tzeko prozesu osoa edota Katalunian dagoen memorial baten kontakizuna... Hainbat dira Saraviak erakusten dituen kontuak, urtarrilaren 15era arte izango den erakusketan. Euskal Prospekzio Taldearen partaide -erakundea erakusketaren eragileetako bat da, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogogora institutua kolaboratzaile delarik-, egileak "argazki-dokumentala" aurkezten du Foruan. Eta bertan izan ziren Udaleko ordezkariak, historian aritzen diren eskualdeko elkarteak -Gernikazarra, adibidez- eta euskal memoria historikoari lotutako hainbat pertsona, tartean zela DEIAko eta mugalari.infoko Iban Gorriti. "Memoria historikoaren zenbait ataletako kontakizuna" egiten du, "inbestigazioa eta dokumentazioa erabiliz". Erakusketa ez baita argarkigintzari lotutakoa bakarrik, "baizik eta lehendabizi ikerketa lana ere badu". Euskal Herrian eta kanpo hainbat ikerketa egindako Saraviaren esanetan, "perspektiba ezberdinak jasotzen ditu. Kartzela sufritutakoenak, erbesteratzea, nahitaezko langileen guneak, memorialak... beti ere berdintasunean oinarrituta, izan ere emakumeen istorioak ere erakusten ditugu".

Edukia Argazkien eta bisitarien "elkar eragina" ere nabaria da. "Gailu digital batek aukera ematen du, gamifikazioaren bitartez, kontakizunetan murgiltzeko". Lan hori Barnetik kooperatibaren laguntzaz egin du Sraviak, eta galdera batzuei erantzuteko aukera ematen du. Beronek aberastasuna ematen dio Oroimenez erakusketari. Adibidez, "gorpuzkiak lurpetik ateratzeko prozesua pausoz pauso aztertzen da. Zer egin behar den, nora jo, nola ikertu, gopurzkia nola entregatzen den senitartekoei... eta kasu honetan, euskal administrazioek laguntza ematen diete familiei. Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan hala da, eta aipatzekoa da". Bestetik, Saraviaren mostrak badu beste berezitasunn bat. "Gustoko dut herri txikietan erakusketak egitea, herri handietan baino". Zergaitia hauxe da: feedbackerako aukera badela. "Bertaratzen diren herritarrek badute aukera euren Gerra Zibileko kontuak oroitzeko. Jendeak urte luzez isilik gordetako kontuak kontatu ahal dizkizu, eta ikerketa berriak martxan jartzea ahalbidetu. Hori da gustatzen zaidana".

Urtarrilaren 15era arte izango da Oroimenez Foruan eta ostean Berangon kokatutako Burdin Hesiaren Oroimenaren Museora egingo du salto. Eta Foruko alkate den Mikel Magunazelaiak argiro azaldu zuen "memoria historikoa berreskura-tzearen alde egindako lana beharrezkoa" dela. Udalerriak badu esperientzia honelako kontuetan azken urteetan, "eta Mauro Saraviaren erakusketa hau beste pauso bat da. Orduko istorioak azalaraztea garran tzitsua delako, gure historia ezagu-tzea beharrezkoa delako".