Lekeitio - Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen 15. Kameratoia atzo hasi zen parte hartzaileek grabatu beharreko gaia on line bidez emanez jaildiaren webgunean. Kameratoia 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezko rallya da, euskal gazte sortzaileek euren ametsa betetzeko, izan ere, Kameratoiak euskal ekoizpenak gizarteratzeko helburua du.

Guztira 10 talde eta 46 parte-har-tzaile dira eta asteburu honetan Lekeition emandako gaiaren inguruan gidoia egin, muntatu eta lana entregatu beharko dute. Ikus-entzunezko lana osatzeko bete behar dituzten arauak gaur eman dizkiete taldeei. Bihar, 12:00etan entregatu behar dute lana Ikusgarri Zine Aretoan.

Urte honetan Kameratoia hobekuntzekin dator. Hauetariko bat esan bezala, rallyaren gaia eskura eman ordez on line bidez ematea da. Modu honetan, parte hartzaileek gaiaren inguruko aurre hausnarketa bat egiteko aukera izango dute.

Urte honetako beste hobekuntzetako bat izena-ematen zuten lehen 30 pertsonentzako egonaldia eta gosaria doakoa izango dela da. Izen-ematea urriaren 1ean zabaldu zen eta hortik eta astebetera egonaldia beteta gelditu zen, jendeak lehiaketa honekiko duen harrera onaren erakusgarri izanik. Gaur eta bihar egingo diren laburmetraien maila neurtzeko eskarmentu handiko bi epaimahaikideak izango dira Kameratoian. Alde batetik, Yogurinha Borova musikaria egongo da, urte askoren ondoren antzerkian eta ikuskizunetan profesionala bilakatu den artista.

Bestalde, arrakasta izugarria duen Itziar Ituño aktorea izango da bihar lanak ikuskatzen. La Casa de Papel telesailarekin mundu mailan famatua bilakatu den Basauriko an-tzezleak, bere ibilbide osoan izan duen esperientziaz baliatuz aurkeztutako lanetatik hoberenak aukeratuko ditu. Ugaitz Alegria aktorea ere bertan izango da 17:00etan ospatzen den emanaldia eta sari-banaketaren ekitaldian. Saioa Lekeitioko Ikusgarri Zine Aretoan izango da. Modu horretan, film labur onenak 1.000 euroko saria irabaziko du. Bigarrenak berriz, 600 euroko saria jasoko du.

Emanaldiara edonor bertaratu daiteke, publiko guztiari zuzenduta baitago. Izan ere, publikoak gustukoak izan dituen laburmetraiak bozka-tzeko aukera izango du Publikoaren Saria emanez. - DEIA