Barakaldoko Udalak ezagutzera eman ditu Karmengo jaietan kontzertuak eskainiko dituzten talde eta abeslarien izenak. Aurtengo jaiak, gainera, bereziak izango dira, koronabirusaren pandemiaren ondoren normaltasuna berreskuratu eta gero. Hala, Ana Guerra, Doctor Deseo, Izaro, Ciudad Jara, Porco Bravo eta Coque Malla izango dira jai-egunak animatuko dituztenak.

Urtero bezala, Barakaldok bi agertoki handi izango ditu kontzertuetarako: Herriko Plaza, Udalak bultzatutako proposamenekin, eta Anaien Parkea, txosnek sustatutako programazioarekin eta, berrikuntza moduan, bertan emanaldia izango da asteko arratsalde-gau guztietan. Jaietako gauak beti datoz aisialdirako aukera ezberdinekin; musika, magia, dantzak eta ohikoak bihurtu diren Barakaldoko Musika Bandaren eta Udal Txistu Bandaren emanaldiak uztartzen dituen programazioa. Horrela, agertokira igotzen lehena Doctor Deseo taldea izango da uztailaren 9an 23:30etan, Herriko Plazan. Honen atzetik Puro Relajo etorriko da, mariatxiak eta euskal abesti tipikoak, baina ohituta gauden formatutik kanpokoak. Kontzertua 1:00etan hasiko da Anaien parkean.

Hilaren 10ean Udal Txistu Bandaren txanda izango da, oraingoan Inharu lagun duela, 21:00etan, Anaien parkean. Herriko Plazan dantza tradizionalen ikuskizuna ikusi ahal izango da herriko dantza taldeen eskutik, 22:00etan.

Hilaren 11n, Rúl Alegría magoak harrituta utziko du Herriko Plaza, kasu honetan 22:30etan. 22:00etan, baina Anaiak parkean, Nawi kantari barakaldar reggaetoneroak joko du.

Uztailaren 12an, Barakaldoko Udal Bandak hainbat abesti joko ditu Golden Apple Quartet taldearekin batera, 22:30etan. 22:00etan Anaiak parkean La Petaka talde barakaldarraren kontzertua hasiko da eta rock estiloko bertsio tipikoak eskainiko ditu; ostean dj Algorriren txanda izango da.

Coque Malla hilaren 13an igoko da Herriko Plazako agertokira, 23:00etan. Anaiak parkean gaueko protagonista Rabba Rabba Band Girl izango da, talde euskaldun ezberdinetako emakumeez osatua, goizaldeko 1:00etan.

Hilaren 14an Ana Guerrak Herriko plaza piztuko du bere abestiekin, 23:00etan. Unidad Alavesak eta Iheskidek, punk/rock gaiekin, Anaiak Parkeko soinu-banda jarriko dute gau horretan, 22.00etan. Goizaldeko 02:00etan, parke horretan bertan, DJ Jonkassez gozatu ahal izango da.

Hilaren 15ean Ciudad Jara taldeak Herriko Plazan joko du, 23:00etan eta Anaien Parkean Beranduegi erromeria izango da, 00:30etan hasiko dena.

Egun nagusian, uztailaren 16an, Izaro euskaldunak bere gai arrakastatsuak errepasatuko ditu Herriko Plazan, 23:30etan. Anaien parkean, Suak eta Porco Bravok amaiera emango diete Karmenak 2022 gau musikalei, 22:00etan.

"Hilabete falta da jaiak hasteko. Badakigu denok dugula kaleaz, festaz orain arte ezagutu dugun bezala gozatzeko gogo handia. Gaueko emanaldien programa oso zabala da, eta guztion artean prestatu dugu, herritar bakoitzak gustuko zerbait aurkitu eta goza dezan ilusioz», nabarmendu du Nerea Canterok, Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria zinegotziak.

2022KO TXUPINEROAK ETA PREGOILARIAK

Beste alde batetik, Udal Jai Batzordeak dagoeneko aukeratu ditu aurtengo jaietako ordezkariak. Sasiburu euskara elkarteak eskainiko du pregoia hilaren 9an bertan. Sasiburuk bere 30. urtebetetzea bete berri du herrian euskararen erabilera bultzatuz kontzientziazio kanpainen, bertso lehiaketen, afarien eta ipuin kontalarien eta abarren bitartez. Sasiburuk Barakaldoko euskal profesionalen gida eta Euskarri aldizkaria argitaratu ditu. Txupinazoa Jolindarrak konpartsako ordezkarien eskutik iritsiko da. Konpartsa hau jaietan aritzen den eta modu aktiboan lan egiten duen zaharrenetakoa da.