Euskararen alde lan egitea funtsezkoa da Barakaldon zein Ezkerraldea osoan eta horretan 30 urte darama jada Sasiburu Barakaldok. Duela hiru hamarkada, 50 barakaldar inguruk adostu zuten Sasiburu Euskara Elkartea, Ezkerraldean sortutako lehen euskara elkartea eta, zoritxarrez, gaur egun aktibo dagoen bakarra. “Sasiburu Barakaldo herrian zeuden beste euskaltzale talde txikien fruitua da. Elkartea sortzeko erabakia hartu genuen ilusio handiz eta, uste dut, 30 urte hauetan, lan polita egin dugula eta, oraindik, gauza asko egiteke ditugula”, dio Felipe Quintanillak, Sasiburuko sortzaileetako batek. Hasieran, 50 lagun inguruk izena eman zuten Sasiburun eta garai hartako bazkideen artean Felipe da elkartean jo ta ke lan egiten jarraitzen duen bakarra. “Hasieran, euskararen ezagutza zein erabilera bultzatzea zen gure helburua, orain, garrantzi gehiago du erabilera bultzatzeak, ezagu-tzak azken 30 urteetan gora egin baitu”, gogoratzen du Felipek.

Euskararen ezagutza eta, batez ere, erabilera bultzatzeko funtsezkoa da euskal hiztunen sareak sortzea eta hori lortzeko modu bat da ekimen kulturalak eta sozialak antolatzea. Horrexegatik, Sasiburuk ehunka ekimen antolatu ditu Barakaldon, herriak euskal eskaintza kultural ani-tza izan zezan eta dezan. Besteak beste, hitzaldiak, bertso-saioak, ipuin-kontalariak, lasterketak edota kanpainak antolatu dituzte euskararen erabilera sustatzeko eta, bide batez, Barakaldori festa-giroa emateko. “Barakaldok altxor bat du, alegia, euskaraz dakiten 20.000 biztanle. Falta zaiguna da, euskaraz gehiago hitz egitea kalean, lagunekin... Bide horretan aurrerapausoak ematen ari gara, baina oraindik lan handia geratzen da. Ekimenak antolatzen ditugunean euskaraz hitz egiteko edo euskara en-tzuteko guneak sortzen ditugu eta horrek euskaldunen sareak eraiki-tzeko aukerak ematen dizkigu”, dio Marko Txopiteak, ezizenez Txopi. Berak duela hamabi urte egin zuen bat Sasibururekin eta ordutik elkartearen ekimen askotan parte hartu izan du.

Sasibururen azken ekimena bere 30. urteurrena ospatzeko sortutako egitarau zabala izango da. Zentzu honetan, hilaren 28an Sasiburuk, beste elkarteekin batera, Barakaldoko Euskaldunon Jaia ospatuko du. Jai horren ekitaldi nagusia Done Bikendiko Alkartu Ikastolan antolatuko den herri bazkaria izango da. Honenbestez, 15.00etatik aurrera Alkartun, bazkariaz aparte, fotokol bat antolatuko da eta, gainera, ekimenean parte hartuko dutenek musikaz zuzenean gozatu ahal izango dute, lehenik eta behin Aingeru Gorrotxategiren kon-tzertuarekin eta, ostean, Oihana Iguaranek eta Aitor Sarriegik eskainiko duten bertso-saioarekin. Herri bazkari honetara joateko tiketak, hilaren 25era arte izango dira eskuragarri Done Bikendiko AEK euskaltegian. Baina herri bazkaria ez da izango egun horretan egingo den ekitaldi bakarra, Barakaldoko Euskaldunon Jaiaren egunean hormairudi bat estreinatuko da Done Bikendin, hormairudiak lau metroko luzera izango du eta, zalantzarik gabe, kolorea eta nortasuna emango dio auzo honi. “Oso pozik gaude herriko beste elkarte askok eman diguten babesarekin, beraien laguntza eta Udaleko Euskara Zerbitzuarena oso garrantzitsua izaten ari da gure urteurreneko jarduerak egiteko”, aitortzen du Txopik.

EUSKARAGENDAK WEBGunea

Nahiz eta buru-belarri murgilduta egon 30. urteurrenaren prestaketetan, duela bi hilabete Sasiburuk euskaragendak.eus webgune berria ere abian jarri du. Webgune honetan Sasiburuk eta Ezkerraldeko zenbait elkartek eskualdean euskaraz eskaintzen diren aktibitate kulturalak jartzen dituzte. “Ezkerraldean ekimen kultural asko egiten dira euskaraz, baina, batzuetan, jendea ez da jabetzen, hortaz, agenda hau abian jarriz, gure helburua da jakitera ematea euskaraz egiten diren aktibitate guztiak”, adierazi du Txopik. Euskaragendan ekimenak sartzeko, webgunean erabiltzaile izena baino ez da eman behar eta, horrekin batera, euskaraz egiten diren aktibitateen berri emateko aukera zabalduko da. Duela 30 urte ia-ia ez zegoen webgunerik eta sare sozialak pentsaezinak ziren, baina, gaur egun, hizkuntza bultzatzeko eta komunika-tzeko ezinbesteko tresnak bilakatu dira. “Sare sozialak erakusleiho onak dira jendea euskarara gertura dadin”, dio Felipek. Duela hiru hamarkada, Sasiburu jaio zenean elkartean espero zuten “euskararen gaur egungo egoera hobea izatea, baina, dena den, baikorrak gara, hizkuntzaren ezagu-tza asko hazi baita eta, poliki-poliki erabilera gorantza doa, espero genuen baino motelago, baina hazten ari da. Jarraituko dugu lanean gure hizkun-tzaren egoera hobetzeko”, adierazi du Felipe Quintanillak, Sasiburuko kiderik beteranoenak. l