8 mural apainduko dituzte Barakaldoko erabilpenik ez duten espazioak

28.10.2021 | 16:41

Zortzi mural artistiko Barakaldoko auzoetara helduko dira erabilpenik ez duten espazioak apaintzeko. Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotziak jakinarazi duenez, lehengoa margotuko da Ekonomia kalean, Clara Campoamor zentroaren ondoan.

"Gure ingurua edertzea ahalbidetzen digun arte espresio mota bat dira horma irudiak. Erabiltzen ez diren parteak berreskuratzen dira gure herriko artisten nahiz barakaldar gazteen lana erakusteko edo gure herriko zenbait leku aldarrikapenerako gune ikoniko bihurtzeko", adierazi du Canterok. "Herriko Plazako muralari erreparatzea besterik ez dago. Gure plazaren irudia asko aldatu du, eta barakaldarrek asko maite duten espazio bat bilakatu da, gure mugetatik at ere ordezkatzen gaituena", azpimarratu du.

Horma irudi horietako lehenengoa margotzen hasi dira jada, EHUko pintura masterreko ikasleen eta irakaslearen laguntzaz, Zientzia Astearen egitarauaren baitan. Muralak iruditeria teknologikorik puruenaren parte diren formak eta koloreak islatuko ditu, artistek azaldu dutenez. Matematikoki zirkulatu eta erlazionatzen diren bit-etara murriztutako informazioa erakusten du margolanak, ikusleei interpretazio eremu askea uzten diena. Hala, forma eta kolore horiek mural hau hartzeko aukeratutako espazioaren inguru arkitektonikoarekin lotzea da helburua.

Egileen asmoa da elkarrekin nahasten diren sakontasunen, planoen eta hondoen arteko jolas bat sortzea.

"Ekimen honetan inplikatu diren EHUko ikasleei eskerrak eman nahi dizkiet. Gure hiriari zientziarekin lotutako espazio bat eskainiko diote, gogorarazteko Barakaldo dela gure gazteen artean zientzia bultzatzeko eragile nagusietako bat", adierazi du zinegotziak.

Barakaldar sinadura daramaten muralak

Arteagabeitia auzoa hautatu du Javier Santurtún artista barakaldarrak. "Bere eskutik, artista ezagunen margolanak erreproduzitu ahal izango ditugu auzoko hainbat lekutan, artearen bidez ingurua edertzeko asmoz", azpimarratu du zinegotziak.

Zehazki, auzoko sei gune berreskuratuko dira Aragoi, Landabeko, Landeta, Pablo Picasso eta Arteagabeitia kaleetan. Ekimena zenbait aste barru hasiko da. Gainera, auzoko boluntarioekin batera egingo dira horma irudiak.

Bestalde, Urban Galindo auzoan mural aldarrikatzaile bat egingo da; zehazki, auzoa Murrietarekin batzen duen pasabide berriaren horman, Desertuko hirugarren geltokiaren alboan. Orain arte pareta grisa izan den horma hori emakumeentzako askatasuna eta berdintasuna eskatzeko espazio bihurtuko da. Murala Emakume Arloak sustatu du, eta datorren azarorako prest egongo da.

Azkenik, Artekale programaren bitartez, gazte barakaldarrak Expresarte proiektuan lanean ari dira. Graffiti modalitatearen bidez kaxa elektrikoak, udal lokaletako paretak eta abar apaintzeko ibilbide artistiko bat osatzean datza, eta datorren azaroan zehar egingo da. Lanak Elkano eta Hogar Propio kaleetan, Landaburu parkean eta BEC-en atzealdean ikusi ahal izango dira.

Etorkizunera begira, mota horretako proiektu berrietan lanean ari da udala, artea auzoetan barrena hedatzen jarraitzeko asmoz. Hala, aurki Retuerto auzora iritsi daitekeen proiektu baten bueltan dihardu orain.

noticias de deia