Urriaren hasierarekin batera, bueltan da Munoa Bizi familia-jaialdia. Nobedade gisa, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak beteta, edizio honetan gune gastronomikoa berreskuratuko da. Horrez gain, Food Truckak egongo dira.

Barakaldoko alkate Amaia del Campok gaur goizean aurkeztu du aurtengo edizioa, Munoa finkan. Asteburu osoan zehar hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da: zirkua, dantza, antzerkia, umorea, Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorio Profesionaleko sokazko orkestra, bakarrizketak, kalejirak, magia eta bentrilokia... "Ikus dezakezuenez, familia giroan ondo pasatzeko aukeraz beteta dator aurtengo edizioa. Gainera, azpimarratu behar da tokiko konpainia eta taldeak izango direla, herriko kultur sektorearekin lankidetzan aritzea delako gure helburuetako bat", adierazi du Del Campok.

Munoa Biziko lorategietara festa itzuliko da, hiru agertokitan banatutako ikuskizunei esker. Iaz bezala, eta osasun-araudia betetzeko asmoz, ekitaldiaren aurretik sarrerak banatzeko sistema bat jarri da martxan. Hala, bertaratu nahi dutenek doako sarrera jaso beharko dute aurrez. Gaurtik aurrera eta urriaren 1era arte egin dezakete hori, Gurutzetako zentro zibikoan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Tiketak jasotzean hurrengoak eskatu beharko dira: sarrera jasotzen duen pertsonaren izena, abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia. Horren helburua da pertsonen arakatzea erraztea, beharrezkoa balitz. Munoa Bizi ahalik eta jende gehienak goza dezan, pertsona bakoitzak gehienez ere lau sarrera eskuratu ahal izango ditu bloke bakoitzeko (larunbat goizeko ikuskizunak, larunbat arratsaldekoak eta igande goizekoak).

Tiketak zenbakidunak izango dira, eta ikuskizun bakoitzari egokituak. Beraz, ikusleek jasotako tiketean adieraziko dira Munoa Biziz gozatzeko hautatutako ikuskizunaren agertokia, eguna, ordua eta hizkuntza. Hiru agertokiak batuta, 300 pertsonarentzako lekua egongo da.

Festa 11:30ean hasiko da, parkea irekitzeaz batera. Finka herritar guztientzako irekita egongo da, baina norantza bakarreko zirkuituak jarriko dira barrualdean, jende pilaketak saiheste aldera.