Sestaoko Udalak drogak, alkohola eta tabakoa kontsumitzearen eta horien ondorioen gaineko informazio-kanpaina jarri du martxan. Joan den larunbatean, ekainak 26, Drogak bidegabe erabili eta legez kanpo trafikatzearen aurkako nazioarteko eguna ospatu zen, eta hori dela eta Sestaoko Udalaren Adikzioak Prebenitzeko Udal Programak ekimen hau jarri du martxan.

Juan Carlos Melero programaren arduradunak prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, “aurten Nazio Batuek esandakoari jarraikiz, pandemia dela eta zientziaoinarriarekin egiten ari den lanaren eragina aprobetxatu behar dugu adikzioen eremuan eta irizpide berri horien arabera prebentzioaren esparruan lan egiteko. Hau da, jendeari esan behar zaio drogak ez direla kalean jarraitzen den zerbait, pertsonaren erabaki bat baizik. Erabaki hori, neurri handian, eskura dagoen informazioaren mende dago. Informazio objektiboa, egiazkoa, zientifikoa eta serioa izanez gero, ziurrenik, erabakiak zentzuzkoagoak izango dira eta, gainera, jokoan dagoena jakingo da”.

Hain zuzen, horregatik aste honetan eta hurrengoan Udalak mila liburuxka banatuko ditu udalerriko funtsezko puntuetan, hala nola Gaztelekuan, anbulatorioetan eta gazteen aisialdia dinamizatzen duten taldeen artean, herritarrei kontsumo arruntenek ekar ditzaketen ondorioei buruzko informazio argia helarazteko.

Aukera egokia da Drogak bidegabe erabili eta legez kanpo trafikatzearen aurkako nazioarteko Eguna ospatu eta kanpaina egiteko, pandemiaren garaian adituek kontsumoei buruz maneiatzen duten informazio urriaren barruan, egiaztatu baitute 2020. urtean alarma-egoera amaitu eta udaren hasieran neurriak lasaitu zirenean kontsumoak gehitu zirela.

Beraz, Udalak prebentzioaren garrantziari buruz sentsibilizatzearen aldeko apustua egin nahi du, egoera gatazkatsuagoak iritsi baino lehen, horiek maneiatzea zailagoa baita. Halaber, pertsona eta talde bakoitzak arloan aurrerapausoak emateko eskura dituen aukerak gogorarazi nahi ditu.

Yosune Serapio Gizarte Ekintzako zinegotziak defendatu du kanpaina aurkeztean “udalerrian prebentzio-kultura zabaltzea dela neurririk aproposena jokabide adiktiboekin zerikusia duten arazoak gutxienera murrizteko”. Gainera, herritarrei mezu bat bidali die bizi-ohitura osasungarrien eta prebentzioaren aldeko apustua egiteko. “Eta dagoeneko adikzioren bat badute eta ohitura uzteko asmoz badabiltza, eskatu die ez amore emateko. Gizarte Zerbitzuak orientabideak emateko eta zerbitzu profesionaletara bidaltzeko gaude. Helburua da uzten eta helburu hori betetzen laguntzea”, amaitu du.

Jarduketa hau 2020-2022rako Adikzioak Prebenitzeko Udal Programan kokatzen da. Hori udalerriko talde desberdinentzat (hala nola ikastetxeak, familiak eta erkidegoa bera) hiru urteko lan-estrategia da, eta bakoitzerako ekintza zehatzak ditu. Lan-programa lehenengo Adikzioei buruzko Tokiko Plana eginez amaituko da, eta ibilbide bihurtuko da 2022. urteaz gero lan garrantzitsu honi jarraipena emateko.