Eusko Jaurlaritzarekin

Txabarrin birgaitzea amaitzeko lankidetza-hitzarmena sinatu du Sestaok

04.04.2021 | 04:00

SESTAO. Sestaoko Udalak aurrerapauso garrantzitsu bat eman du Txabarri hirigintzaren ikuspegitik birgaitzen amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin eta Sestao Berri 2010 sozietate publikoarekin lankidetza-hitzarmena sinatuz.

Auzoaren eraberritze-prozesuan lanean hamabost urte eman ondoren, eta hiru bosturteko hauetan 40 milioi eurotik gorako inbertsio publikoa egin ostean, A.R.I. Txabarri-El Sol Birgaitze Osorako Plan Berezia egikaritze-maila garrantzitsura iritsi da.

Oraingoan, Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak komenigarritzat jo dute konpromisoak berritzea udalerriko beheko aldearen eraberritze-prozesuari azken bultzada emate aldera. Udalbatza Osoak aztertu baino lehen, Eusko Jaurlaritzak onetsi zuen hitzarmen hau sinatzea otsailean egindako Gobernu Kontseiluan, eta bihar, asteazkenean, espero da Sestao Berri 2010 sozietate publikoak hitzarmena baieztatzea. Azkenean, hurrengo asteetan erakundeen artean sinatzea besterik ez da geldituko.

Josu Bergara udalerriko alkateak azaldutakoaren arabera, hitzarmenari jarraikiz, "16 milioi euro inbertituko dira hurrengo urteetan sei infraetxebizitzen eraikin eraisteko, alokairuaren araubidean gutxi gorabehera 127 etxebizitza sozial eraikitzeko eta zenbait espazio publikoren urbanizazioa hobetzeko, hala nola Vicente Díez plaza, Carranza kaleko orubea eta Txabarriko 57. zenbakitik 61. zenbakira atzealdeko mendi-mazela".

ESKUMENAK BANATZEA

Hitzarmenaren babesean, Eusko Jaurlaritzak 47. eta 49. zenbakiak eraitsiko ditu Txabarri kalean, baita Txabarri kaleko 37., 39., 43., 57. eta 59. zenbakietan etxebizitza-eraikin berriak eraiki ere. Gauza bera egingo du Los Baños kaleko 49. eta 51. zenbakietan eta Txabarri kaleko 69. zenbakia birgaitu ere bai. Horiei erantsi behar zaie urbanizazio-kostuen % 70 ordainduko duela.

Bestalde, Udalaren konpromisoa da Txabarri kaleko 37., 39., 43. eta 57. zenbakian eraistea, Los Baños kaleko 49. eta 51. zenbakiez gain. Era berean, Eusko Jaurlaritzari orubeak lagako dizkio etxebizitzak egiteko, eta urbanizazio-kostuen % 30 finantzatuko du.

Azkenik, Sestao Berrik Eusko Jaurlaritzari lurzoruak lagako dizkio etxebizitzak eraikitzeko, eta ordezko bizitokiak kudeatuko ditu.

Hitzarmenaz kanpo geldituko dira Oquilloko egikaritze-unitatea eta Birgaitze Osokorako Plan Bereziko 1. egikaritze-unitatea amaitzea, Eusko Jaurlaritzak bakarrik garatuko baititu.

BALORAZIO POSITIBOA

Alkateak positiboki balioetsi du Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen hori sinatzea, "Udalerako eta Gobernu Talderako estrategikoa den proiektu batean aurrerapausoak ematen jarraituko baitira. Izan ere, azkeneko urteetan lanordu eta baliabide asko bideratu ditugu auzoaren narriadura gelditu eta egoera alderantzikatzera".

Berriz ere Josu Bergarak Eusko Jaurlaritzari eskertu dio Sestaoren aldeko konpromisoa, balioa eman dio udalerrirako onak diren jarduketak bultzatzeko erakundeen arteko lankidetzari, eta azpimarratu du herri-administrazioek pandemiaren ondorioz duela urtebete zailtasun ekonomikoak bizi arren, "Txabarrirekin eskakizunak bere horretan mantendu direla gauzatzen ari diren proiektuen bitartez, besteak beste, 57. zenbakia eraistea, El Sol parkea berritzea edo District Heatingaren bigarren fasea egitea".

noticias de deia