Otsailaren 22an

Sestaok Txabarri kaleko 57. zenbakia eraisteko lanak hasi ditu

24.02.2021 | 11:47

SESTAO. Joan den astelehenean, hilak 22, Sestaoko Txabarri kaleko 57. zenbakiko eraikina eraisteko lanak hasi ziren aurreko ostegunean, otsailak 18, obraren zuinketa-akta sinatu eta gero; hau da, obrak eraginkortasunez hasten direla adierazten duen administrazio-agiria sinatu ostean.

Eraisteko bitarteko mekanikoak erabiliko dira, eskuzko baliabideez baliatzea baztertu baita, egitura oso egoera txarrean dagoelako. Ildo horri eutsiz, zeregin horretarako garabi handia ekarriko da, eta 20 metroko altuerako bi pantaila ipiniko dira, ezkutu modura, eraikuntza-hondakinak errepidera eta ondoko eraikinera ez erortzeko. Lanek gutxi gorabehera bi hilabete iraungo dituzte.

Higiezina Txabarri-El Soleko birgaitze-planen barruan kokatuta eraitsiko da. Erakundeen arteko lan koordinatuari esker, Sestao Berri sozietate publikoak eraikinaren titulartasuna lortu du. Eraispen-lanak Udalak gauzatuko ditu Zandesa enpresaren bitartez, eta orubean Eusko Jaurlaritzak etorkizunean etxebizitza publikoen eraikin berria egingo du. Izan ere, hala islatuko da Udalak, Sestao Berrik eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak hurrengo asteetan sinatuko duten lankidetza-hitzarmen berrian.

2005. urtean Sestaoko hiri-eraberritze prozesua hasi zenetik, ingurunean 40 eraikin baino gehiago eraitsi dira, infraetxeak deuseztatu eta pixka udalerriko etxeak berritzeko.

Josu Bergara alkateak positiboki balioetsi du auzoaren birgaitze-prozesuan urrats berri hau, eta gogorarazi du "pandemiarengatik krisian egon arren, Sestao eraberritzeko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa irmoa dela".

noticias de deia