SESTAO. Joan den azaroaren 27an, Sabina de la Cruz irakasle eta idazle sestaotarra hil egin zen 91 urterekin. Orain, hilabete bat geroago, Sestaoko Udalak herriko Alaba Kutun izendatuko duela ezagutarazi du.

Alderdi politiko guztiek aho batez onetsi dute erakunde-adierazpena, Udalak Sabina de la Cruz andreari saria emateko. Helburua ibilbide akademikoa eta literaturan egindako bidea, baita jaioterrian, Sestaon, ezarritako erroak ere gorestea da.

"Alaba kutun" izendatzeaz gain, Udalak Sestaoko udal-liburutegiari izena aldatu eta Sabina de la Cruz Udal Liburutegia jarriko dio. Azkenik, Blas de Otero kalean Sabina de la Cruz beraren irudi oroigarria ipiniko du.

Sabina de la Cruz Sestaon jaio zen merkatarien familia batean eta emakume gutxik ikasteko aukera zuten garai horretan Batxilergoko ikasketekin berehala hasi zen nabarmentzen alderdi akademikoan. Bere gaitasuna eta iraunkortasuna irmoak zirenez, berrogeiko hamarkadan Sestaoko Udalaren beka lortu zuen. Nolanahi ere, garai hartan erregimen frankistari lotuta ez zeuden pertsonentzat eskuraezina zen, baina berak lortu zuen.

Gerra Zibilaren ondoren, bere amak familia aurrera atera zuen Txabarri kaleko Azul tabernari esker. Behin baino gehiagotan, klaseen ondoren, negozioaren zereginetan Sabina bera aritzen zen. Familiaren egoitza tabernatik oso hurbil zegoen eta euren etxean ezagutu zuen Blas de Otero olerkaria, bizi guztia berarekin emateko.

Urte batzuk geroago Filologia Erromanikoan doktoregoa lortu zuen eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean espezialitate horretan, baita Italiar Dialektologian, Euskal Linguistikan eta Espainiako Literatura Garaikidean ere klaseak eman zituen. Bertan irakasle izan zen denbora luze batez.

Oso gaztetatik Bilboko kultura giroan murgildu zen eta garaiko intelektual nahiz artista askorekin, besteak beste, Ángela Figuera, Gabriel Aresti, AgustínIbarrola, Vidal de Nicolás, Gabriel Celaya eta, nola ez, Blas de Oterorekin, harremana izan zuen.

Hirurogeiko hamarkadaren hasieran olerkaria Kubatik dibortziatuta itzuli zenean, Sabina de la Cruzek maleta hartu eta Madrilera joatea erabaki zuen, bere ondoan egoteko. Urte haietan Sabinak bere lanbide-jarduera hizkuntza eta literaturaren inguruan garatu zuen. Zeregin hori ez da oso ezaguna, baina argitalpenek argi uzten dute idatzi horien garrantzia.

Sabina de la Cruz Euskadira Blas de Otero hil ondoren itzuli zen. Berriz irakaskuntzari eutsi zion eta, aldi berean, Bizkaiko Elkarte Artistikoan partaidetza berreskuratu zuen. Azkeneko urteak Blas de Otero fundazioaren bitartez bere senarraren literatura-lana bildu eta zabaltzen eman zituen. Izan ere, fundazioa berak sortu zuen eta buru izan zen.