BARAKALDO. Barakaldoko Udalak inbertsio handia egingo du lanik gabe dauden gazteen enplegagarritasuna hobetzen saiatzeko. Konkretuki 55.314 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak Gaztedi Ezkerraldea izeneko hitzarmenaren barruan sartuta dagoen ekimen honetarako.

Gazteria Arloko zinegotzi Jonathan Martínek eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketako Juan Antonio Pizarrok ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte prentsaurreko batean.

Zehazki, aurtengo proiektuaren xedea udalerriko adinekoen arteko eten digitala estutzea da, eta lan esperientzia zehatz bat egin ahal izatea eskaintzea parte hartuko duten gazteei, lan kontratuak dirauen bitartean sostengua izan dezaten. Jarraipena egitea ere du xede proiektuak. Barakaldoko 35 urtetik beherako 3 langabetuk hartuko dute parte; udalerrian erroldatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa izen-emanda egon behar dute. Haietako bik hezitzaile profila izan behar dute, eta gainontzekoak, berriz, koordinatzaile profila. 4 hiletan garatuko da kontratazioa

"Proposamen honekin, aurre egin beharreko hiru erronka sozial batu nahi ditugu. Batetik, biztanleriaren zahartze progresiboa, bestetik, ekonomia eta harreman sozialak digitalizatzeko joera gero eta handiagoa, eta azkenik, gazteen langabezia tasa", azaldu du Martinek. "Beste erronka bat ere gehituko nioke, pandemiarena; izan ere, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure adinekoek teknologia berrien bidez eurekin harremanetan egoteko aukera izatea", gaineratu du Gazteria zinegotziak.

Juan Antonio Pizarrok, bere aldetik, proiektu honetarako kontratatuko direnen profilak lan merkatuan eskaera handia duela azpimarratu du. "Barakaldoko gazteei teknologia berriekin eta gure adinekoentzako arretarekin lotutako gaietan lan-prestakuntza jasotzeko aukera ematen ari gara, eta bi arlo horiek aukera dute gerora lana aurkitzeko, baita pandemiaren garaian ere. Hau da, ekimen honek ez du soilik barakaldarrei zerbitzua eskaintzeko balio, gure gazteen laneratzea errazten baitu", adierazi du Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotziak. Proiektuak 55.314 euroko inbertsioa du, eta Barakaldoko Udalak 16.594 euro jarri ditu.

MARTXAN DA DAGOENEKO BILAKETA

Barakaldoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin duen erakundearteko lankidetzatik sortu da proiektu hau, eta zeharkako lana ere bada tokiko erakundearen barruan, Gazteria eta Enplegu arloek elkar hartuta egiten baitute lana.

Zabalik da dagoeneko enplegu eskaintza. 35 urtetik beherako hiru lagun langabe bilatuko dira, honako eginkizunok betetzeko:

  • Adinekoek informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabileran dituzten ohiko gabezien egoera ezagutzea.
  • Belaunaldien arteko gap teknologikoa eta horri eragiten duten kausak ezagutzea.
  • 65 urtetik gorakoei konektibitatea eta bizi-kalitatea hobetzen lagun diezaieketen aplikazio erabilgarrienak eta erabilera teknologiko ohikoenak identifikatzea.
  • Adinekoak inspiratu eta haien erabilera motibatzen duten aplikazioen, tresna informatikoen, webguneen edo zerbitzu digitalen erabilgarritasunari buruzko erakustaldiak egitea.
  • Adinekoei aldez aurretik jasotako eskaerei buruzko informazioa ematea.
  • Koordinatzailearen kasuan, honako eginkizun hauek gehitzen zaizkio:
  • Inguraldeko eta Udaleko teknikariekin koordinatzea.
  • Banakako hitzorduen bidez laguntza pertsonalizatua eskaintzea programan parte hartzen dutenei.
  • Egoerari buruzko txostenak egitea hautemandako premiei buruz, eman beharreko proposamenei buruz, horien emaitzei buruz eta proiektuaren helburuak lortzen laguntzen duen edozein gorabeherari buruz.