BARAKALDO. Atzo goizean Barakaldoko hainbat ostalariek euren kexak aurkeztu zituzten, terraza-lizentziekin zerikusia izan dezakeen iruzur bat dela eta. Antza, bi emakumek beren lokalen kanpoaldea neurtzen ibili dira, Barakaldoko Udalaren partetik datozela esanez.

Terrazen eskaerak ebazten ari dira, tabernetako kanpoko espazioak konfinamendua arintzeko II. faseko indarreko araudi berrira egokitzeko. Ildo horretan, espazio hori zabaltzea eta lizentzia berriak ematea onartzen ari dira terraza-lizentziarik ez zuten establezimenduei. Prozesu horren ondorioz, eskaerak zalantzak sortzen dituen kasuetan, talde tekniko batek in situ egiaztatzen ditu mahaiak eta aulkiak jartzeko neurriak eta aukerak, teknikoki bideragarria den beste aukera bat eskaintzeko eta lizentzia ukatu beharrik ez izateko.

Herenegun, auzoetarako eta hirirako obra eta zerbitzuetako talde teknikoa hainbat establezimendutara joan zenean kanpoko espazioa ikuskatzera, ostalariren batek harridura agertu zuen; izan ere, esan zietenez, bi emakume beren lokalak neurtzen aritu ziren terrazen lizentziaren emakida kudeatzeko. Lau ostalaritza-lokaletan antzeman dute, eta horrek talde teknikoaren alarma piztu du; hori dela eta, gertatutakoa ikertzeko eskatu diote Udaltzaingoari.

ALERTA, BALIZKO IRUZURRARI AURRE EGITEKO

Inguralde-Barakaldoko Tokiko Garapen Agentziak eta Alkatetzak kezka agertu nahi dute zenbait pertsona sektorea jasaten ari den egoera delikatuaz baliatzen saiatzeko aukeraren aurrean.

Hori dela eta, gertatutakoaz ohartarazi nahi dute eta hiriko ostalariei zuhurtasuna eskatu nahi diete; izan ere, bertako terrazen espazioa neurtzera igarotzen diren pertsonek udaleko langile gisa behar bezala egiaztatuta egon behar dute. Baten bat egoera berean badago, Udaltzaingoarekin jar daiteke harremanetan gertatutakoaren berri emateko.

Gainera, gogorarazten da merkatariek, ostalariek eta autonomoek zuzeneko informazioa dutela Inguralde-Tokiko Garapen Agentziaren bidez, eta bertara jo dezaketela edozein zalantza izanez gero.