BILBO. 'Ulisesen Bidaia' euskarazko lana antzeztu zen atzo Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean. Barakaldoko herrriak zortzi antzerki ikuskizun eskainiko ditu martxora bitartean `Arte Eszenikoak Familia Osoarentzat' programaren bitartez.

Ekimen honek gurasoen eskaerari erantzuten dio, arte eszenikoek beren seme-alaben garapen integralean duten garrantziaz jabetu baitira, eta esperientzia bikaina da; izan ere, ateak irekitzen dizkie beren irudimena aberasten duten eta, besteak beste, antzerkiak, musikak eta dantzak eragiten dizkieten emozio eta sentsazioei. "Horregatik, urtero kalitatezko programazio berritzailea aukeratzen dugu, eta Barakaldoko familiei aukera ezin hobea ematen diegu beren seme-alabak arte eszenikoak ezagutzen has daitezen, aisialdiaren eta kulturaren eremuan euskara bizi dezaten eta aisialdiko jarduerak familian parteka ditzaten", nabarmendu zuen Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotziak.

Programa larunbatero egiten da, arratsaldeko 6etan, Barakaldoko gizarte etxeetan, eta txandakako larunbatetan, Clara Campoamor gizarte etxean eta Gurutzetako gizarte etxean. Ikuskizunetarako sarrerak kultur etxeetan bertan jarriko dira salgai, emanaldi bakoitzaren aurreko astelehenetik. Sarrera horien prezioak honako hauek dira: Helduek 3 euro, adingabeek 2 euro.

Atzo hasi zen hiruhileko honetako programazioak zazpi ikuskizun bikain ekarriko ditu familiengana, tokiko zein estatuko zazpi konpainia ezagunen eskutik. "Gainera, denboraldia amaitzeko, beste urte batez, Barakaldoko Udal Musika Bandak eskaintzen digun kontzertu bat izango dugu", nabarmendu zuen Canterok.

Konpainietako hiru bertakoak dira, antzezlan horietako bi euskaraz izango dira eta bat hitzik gabekoa. Antzerkirako kontzertua ere euskaraz izango da. Gainerako lau ikuskizunen artean, horietako bat, Huescako konpainia izan arren, euskaraz izango da, eta gainerako hirurak gaztelaniaz izango dira, Madrilgo eta Lleidako konpainien ikuskizunak baitira.