BILBO. Bide Garbiketa eta Hiri Hondakinen Bilketa egiteko kontratuaren aldaketa onartu berri du Udalak, edukiontzi marroia hiriko auzo guztietara zabaltzeko zerbitzua egokitzeko. Zerbitzua urte berriarekin batera jarriko da abian.

Barakaldoko Udalak hiri osora zabalduko du zabor organikoaren bilketa, urte berriaren etorrerarekin. Udalbatzak joan den ostegunean onartu zuen Bide Garbiketa eta Hiri Hondakinen Bilketa kontratua aldatzea, edukiontzi marroiaren bilketa zerbitzua hiriaren egoera berrira egokitzeko; horrela, urte hasieran edukiontzi marroia Barakaldoko auzo guztietan egongo da.

Joan den maiatzean jarri zuen martxan Udalak Bide Garbiketa eta Hiri Hondakinak Biltzeko kontratu berria. Berritasunen artean, edukiontzi marroia biltzeko zerbitzua gehitu izana nabarmentzen zen, gaur egun Barakaldoko 10 auzotan dagoena. Urtea hastearekin batera, ordea, edukiontzi marroia hiri osora iritsiko da: "hori dela eta, beharrezkoa izan da egungo kontratua aldatzea, zabor organikoa biltzeko kamioiak hiri osora ere irits daitezen", azaldu du Jon Andoni Uria Hiriko eta Auzoetako Lan eta Zerbitzuen Kudeaketa Arloko zinegotziak.

Joan den asteko osoko bilkuran onartu zen tramitea hiru astetan abiatuko da, eta, beraz, hiria prestatzen joango da zabor organikoaren bilketa handitzeko, 125 edukiontzi marroi berriak pixkanaka jarriz Arrontegi, Gaztainadi, San Vicente, Beurko-Santa Teresa, Lasesarre, Karmen, Kareaga, Gorostiza, Errekatxo, Zubileta eta Kastrexana auzoetan.

Udalak 115.760,70 euroko inbertsioa egin du, eta horietatik Aldundiak gehienez 80.000 euroko dirulaguntza emango du.