BILBO. Eguraldi onari esker, egitarauan zeuden ehun jardueratik gorakorik ez da bertan behera utzi behar izan. Gehienetan jendearen erantzuna izugarria suertatu da, baina, bereziki, kontzertuetan antzeman da. Guztien gainetik Rozalének eta Rosario Floresek eskainitakoak azpimarra daitezke. Kasko plaza, inguruko kaleak eta udaletxeko lorategiak leporaino bete zituzten. Hala, bakoitzean 4.500 pertsona inguru bildu zen.

“Duela asko Sestaoko jaietako kontzertuetan ez zela hainbeste jende ikusten; are gehiago, Udaltzaingoak arazoak saihesteko plaza inguratzen duten kaleetan trafikoa moztu zuen. Eta, hoberena, etxekoek gozatu dute, baina beste udalerri batzuetatik etorri eta gure herrian inbertitu duen jendeak ere bai”, atsegin handiz aipatzen du zinegotziak.

Arratsaldeko musika-emanaldiekin Begoñako Andra Mari ikastetxeko jolastokian eta zezensuzkoarekin Las Llanaseko zumarkalean ere jende asko elkartu da.

Neba-Neba elkarteak, aurtengo pregoi-egileak, lan goresgarria garatu du eta bere presentzia hamaika egun hauetan zehar jai-barruti desberdinetan sentitu da. Halaber, lagunarteek partaidetza handia izan dute hamaika egunetan eta gainditu behar izan zituzten proba ezberdinetan beren abileziak frogatu dituzte. Jaitsieran, ordea, euren pankartak distiratsu ageri ziren.

Kultura zinegotziak, Eduardo Abadek, Sanpedroen balorazio positiboa egin du. Igande honetan, ekainaren 30ean, amaitu ziren eta ahalbidetu duten pertsona guztiei, bai jarduerez gozatu duten herritarrei, baita guztia behar bezala garatzeko lanean aritu den jendeari ere eskertu die.

Askorekin hitz egin ondoren, udala pozik dago ostalaritza-establezimenduek ondo lan egin dutelako jaiek iraun duten hamaika egunetan, jaiak tokiko ekonomiarako bultzadatzat jotzen baitira.

Amaitzeko, zinegotziak jai-barrutietatik hurbil bizi diren herritar guztiei eskertu die, adierazi duten pazientziarengatik. “Jakitun gara askotan zaila dela jairako eta atsedenerako eskubidea bateratzea eta, ildo horri eutsiz, bihotzez eskertu nahi dizuet pazientzia”, azaldu du Abadek.

Aurtengo alde negatiboak bi erasoak dira. Ekainaren 22tik (larunbata) 23rako (igandea) gauean gertatu ziren. Nolanahi ere, herritarren arbuioa irmoa izan zen.

Egunean 150.000 litro ur kalean garbitzeko

Kaleak eta jai-barrutiak garbitu eta desinfektatzeko, Sestaon bide-garbiketa egiten duen enpresak egunean 151.000 litro ur erabili ditu. Jaietan UTE RSU Sestao konpainiak 340 litro produktu erabili du honako usainekin: pinua, zitrikoa eta laranja. Horrekin usain txarra kendu da eta zoruak desinfektatu dira. Horrez gain, 80 litro koipegabetzaileaz baliatu da, pinu-usainarekin, lurzorutik koipe-orbanak kentzeko.

Egun horietako lan-zamari aurre egiteko, langile kopurua indartu da honakoekin: gidariaren 17 lanaldi, peoi-gidariaren 27 lanaldi eta peoiaren 36 lanaldi. Horiek batez ere asteburuetan aritu dira.

Hiri-hondakin solidoak biltzeari dagokionez, paper-kartoi gehiago bildu da; bien bitartean, gainerako zatiak ez dira gorantz aldatu.

Jai seguruak

Herritarren segurtasunari buruz, aipatu behar da gorabeheren kopurua joan den urtekoaren antzekoa izan dela, nahiz eta ekitaldiek beste edizio batzuetan baino askoz jende gehiago erakarri duten. Zalantzarik gabe hori ere harro egoteko da.

Aurrekoari eutsiz, Udaltzaingoak sei borroka desegiteko esku hartu du, 2018ko bost jardueraren aldean. Ondarearen aurkako delituengatik, bost salaketa aurkeztu dira; bien bitartean, joan den urtean zazpi izan ziren. Zarataren ondoriozko kexak bide publikoan erdira murriztu dira (4, joan den urteko 8ren aldean), ostalaritza-lokal eta -establezimenduetan hazi arren (10, 2018ko 7rekin erkatuta).

Guztira bost pertsonak eskatu zuen lehenengo aldiz gauez etxera laguntzeko zerbitzua. Udaltzaingoaren iritziz, kopurua txikia izan da koordinazio operatiboari esker. Hala, gaueko txandan Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak indartu egin dira eta aurreikuspenak egin dituzte Gainera, arazo handienak izan zitezkeen puntuetan patruila finkoek kokapen estrategikoa izan dute eta lehen mailako disuasio-elementu bihurtu dira.