EZKERRALDEA

Bizikletak doan lagatzeko denboraldiari ekin dio Barakaldok, auzoetan jasotzeko 3 punturekin

09.02.2020 | 06:51
Préstamos de bicicletas en Barakaldo

BILBO. Bizikletak lagatzeko denboraldi berriari ekingo dio bihar Barakaldoko Udalak. Doako zerbitzua uda osoan eskaintzen da, bizikleta era arduratsuan erabiltzea sustatzeko,  eta hirian aisiarako bezala joan-etorri jasangarriak egiteko ere erabiltzea bultzatzeko.  Bizikletak hartzeko hiru puntu izango dira: Herriko Plazan, Lasesarre kiroldegian eta Gurutzetako Zentro Zibikoan.

Alkatetza, Hiritarren Parte-hartze, Turismo eta Berrikuntza Teknologiko Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek aurkeztu du zerbitzua, urtero Herriko Plazan jartzen den etxolaren aldamenean. Aurten eraberritua du irudia etxolak. Zerbitzua erabili nahi duenak honako leku eta orduetan har dezake maileguan bizikleta: astelehenetik igandera, Herriko Plazan (11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara); asteburuetan, Lasesarreko kiroldegian (10:00etatik 20:00etara); eta astelehenetik ostiralera, Gurutzetako Zentro Zibikoan (10:00etatik 14:00etara).

Irailaren 1era arte iraungo du doako zerbitzuak, eta kaskoak (estalki higienikodunak) eta ume txikientzako aulkiak eskainiko ditu. Zerbitzua erabili ahal izateko, erabiltzaileek inprimaki txiki bat bete beharko dute, eta trukean, txartela emango zaie.  Herritarrek eskura izango dituzten 100 bizikleta horien artean, bizikleta elektrikoa eta mugikortasun urrikoentzako bizikleta egokituak daude, orain dela hiru urtetik. Aurten, bi lagunentzako tandema ere eskainiko da", adierazi du Zubiaurrek. 

Aurreko urtean bezala, bizikleta hirian erabiltzeari buruzko tailer teoriko eta praktikoa eskainiko da.