Getxoko Udalak inbertsio garrantzitsua egin zuen joan den ekitaldian udalerriko ikastetxe publikoak hobetzeko lanak egiteko, 1.919.000 eurokoa guztira. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza funtsaren bidez 351.350€ berreskuratu ziren.

Horrela banatu zen inbertsioa: garbiketa-lanak (835.978 euro), kontserbazio- eta konponketa-lanak (452.174 euro), langile-zerbitzuak (302.487 euro), hornidura-lanak -gasa, gasolioa, elektrizitatea- (235.712 euro) eta karpak alokatu, eta udalerriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen kanpoaldean jartzean (92.661 euro).

Egindako lanak, batez ere, mantentze-lan orokorrekoak izan ziren (pintaketa, elektrizitatea, zoladuren konponketa…) eta lan horiek ikastetxe hauetan egin ziren: Andra Mari, Geroa Ikastola, Zubileta, Gobela, Larrañazubi, Romo, San Inazio, San Martin eta Zabala. 2021ean, 10 ikastetxe publikoetan garbiketan egindako inbertsioa 835.978 eurokoa izan zen.

Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu duenez, “ikastetxeak mantentzeko inbertsio horrek zeharka eragiten die ikasleei. Obra horien bidez, espazio seguruagoak eta modernoagoak sortu nahi ditugu, irisgarritasun-baldintzak hobetzeko eta Getxoko gazteentzat ingurune erosoa eta egokia bermatzeko”.

Eskolako karpei dagokienez, Udalak hamaika jarri zituen udalerriko Haur eta Lehen Hezkuntzako zazpi ikastetxetan, osasun-alertaren egoerak eragindako beharrei erantzuteko. Karpa horiek instalatzea eskatu zuten ikastetxeak hauek izan ziren: Andra Mari (2), Gobela (2), San Inazio (1), Larrañazubi (2), Romo (2), Zabala (1), Geroa Ikastola (2) eta Zubileta (1). Ildo horretan, zinegotziak aitortu duenez, “karpek funtsezko zeregina dute, izan ere, horiei esker, erabileren antolaketa bermatu ahal dugu txanden kopurua handituz, pilaketak saihestuz eta pertsonen arteko distantzia betez. Gainera, nabarmen handitu da zentroetako garbiketa, kutsatzeak murrizteko ezohiko neurri gisa”.

Diazek gaineratu du ikastetxeekiko elkarrizketa etengabea dela. “Prest gaude uneoro euren eskaerak entzuteko eta euren beharrak jasotzeko. Konpromisoa erabatekoa da, eta horren erakusgarri da Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak 2021ean egindako eskaera guztiei erantzun diela”.