Getxoko klub eta kirolariek 1.236.000 euro jasoko dituzte aurten laguntzetan Getxo Kirolaken partetik. Ostiral honetan, martxoak 4, ireki egin da dirulaguntza horiek eskatzeko epea.

Klubei eta elkarteei ohiko jardueratik eratorritako ordainketak egiten laguntzeko nahiz banakako lehiaketetan parte hartzen duten errendimendu handiko tokiko kirolariei laguntzeko bideratuko dira.

Iazko urtea koronabirusaren eraginak izugarri baldintzatu zuen, eta, alderaketa bat eginda, 2022an diru-laguntzen partida osoan 66.000 euro gehiago izango dira. Igoera hori nabarituko da lehiaketako kirolarentzako laguntzetan (30.000 euro gehiago) nahiz ekitaldien antolaketan (28.000 euro gehiago). Modu horretan, denboraldiko lehiaketetan parte hartzen duten klubek eta errendimenduko kirolariek 685.840 euro banatuko dituzte; oinarrizko kirola garatzeko 235.000 euro bideratuko dira; ekitaldien antolaketak 225.830 euroko diru-laguntza izango du; bertako kirolak sustatzeko 40.000 euro erreserbatu dira; eta emakumezkoen kirola sustatzeko beste 25.000 euro. Gainera, erakunde interesatuen esku jarriko dira 22.830 euro aurreikusi gabeko lehiaketetan parte hartzeko; 1.000 euro erreserbatuko dira muturreko kiroleko modalitateetan parte hartzen duten kirolarientzat; eta, azkenik, 500 euroko laguntza emango da herriko jaietan antolatzen den kirol-ekimenen bat bultzatzeko.

Laguntza horiek guztiak emateko, hainbat balorazio-irizpide bete behar dira; hala nola, emakumeen kirola sustatzea, ezinduentzako jarduerak antolatzea eta klubak udalerriko kirol-politikan inplikatzea eskola-kiroleko programen bitartez.

Interesatuta dauden klubek eta pertsonek deialdi honetako oinarriak kontsulta ditzakete Getxo Kirolak-en web orrialdean.