Beste urte batez, Getxoko Udalak bat egingo du aurten ere bai Europako Mugikortasun Astearekin. Hala, datorren ostegunean hasi, irailak 16, eta hilaren 22ra arte luzatuko da. Aurtengo leloa 'Zure osasunaren alde, mugi zaitez modu jasangarrian' izango da.

Neurri horiek, alabaina, onuragarriak izango dira herritar guztientzat. Horregatik, “Udalak jarduera ugari antolatuko ditu herritarrek modu aktiboan parte har dezaten eta, horrela, osasuna hobetu, ingurumena zaindu eta kutsadura akustikoa eta atmosferikoa murrizten laguntzeko. Aurtengo ekitaldian, hiriguneetan oinez eta bizikletaz ibiltzeko jarduerak nabarmenduko dira”, aurreratu du Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak.

Patinete- eta bizikleta-ibilbideak, bigarren eskuko azoka edo bizikletak konpontzeko tailerra dira aste honetan aurkitu ahal izango ditugun jardueretako batzuk, “Autorik gabeko Eguna” ohiturazko ekintza ahaztu gabe. Halaber, eta nobedade gisa, “Plogging Getxo” jardueraz familiartean gozatzeko aukera izango da; kanpoan ariketa fisikoa egitean datza, hondakinak biltzen ditugun bitartean. Kirola, osasuna eta ingurumenaren zaintza uztartzen ditu.

BESTE EKIMEN BATZUK

“Plogging Getxo” jardueraz gain, larunbatean, hilak 18, 10:00etatik 12:00etara, Aixerrotako Errotan, bizikleta azoka antolatuko da bi egunez: hilaren 17an (ostirala), Algortako Geltokia plazan, eta hilaren 18an (larunbata), Areetakoan, ordutegi berdinean, 16:00-20:00h. Bizikletak edo mugikortasun jasangarriarekin lotutako bestelako objektuak erosteko aukera izango da (irristailuak, patineteak, trizikloak, osagarriak…), prezio ezin hobeetan. 350 eurotan ezarriko da gehieneko salneurria.

Bizikletari lotuta, jarduera gehiago izango da: Punta Galea TX. E.-ren eskutik, trebetasun-zirkuitua egingo da hainbat maniobra menderatzeko eta bizikleta elektrikoak probatzeko. Hilaren 16an (osteguna) izango da Areetako Geltokia plazan, 18:00etatik 20:00etara. Ostiralean, hilak 17, azoka ez ezik, gaueko ibilbide gidatua ere eskainiko da, 21:30etik 23:30era, maila guztietako bizikleta zaleentzat. Ibilbidea Galean eta Azkorrin barrena abiatuko da. Horri, familia-ibilbide bat gehitu behar zaio, hilaren 18an (larunbata), 11:00etatik 12:30era, Bizkaia Zubitik abiatuta, eta SolidaridUp Sareak antolatuta eta Zabalketa GKEak koordinatuta.

Hilaren 20tik 22ra (astelehenetik asteazkenera), Churruca kaian, 18:00etatik 20:00etara, helduek bizikletaz ibiltzen ikasteko ohiko jarduera antolatuko da. Eskolak emango dira eta bizikletak utziko dira. 8 urtetik gorako umeek beren neurrirako egokiak diren bizikletak eraman beharko dituzte. Eta hilaren 20an (astelehena) eta 22an (asteazkena), Algorta eta Areetako Geltokia plazetan, hurrenez hurren, ohikoa den beste ekintza bat izango da, hots, bizikletaren oinarrizko mekanika tailerra.

Mugikortasun Astearen egitaraua osatzeko, beste bi ibilbide gehiago. Lehena, irristailuz Getxo irristan taldearekin, kostaldean zehar, hilaren 17an (ostirala), 18:00etatik 20:00etara. Irteera Areetako Geltokia plazan izango da. Eta bigarrena, mendi-ibilbidea familiarentzat Itxartu Taldearekin, hilaren 19an (igandea) 09:00etatik 12:00etara. Irteera Azkorriko aparkalekuan egingo da.

Jarduera guztietan ezinbestekoa da izena ematea, 605 74 90 64 telefonoaren bitartez edo e-postaz getxomovilidad@gmail.com helbidean. Jarduera guztiak doakoak dira. Ibilgailuen zirkulazio etenak Algortan eta Areetan, “Autorik gabeko Eguna” dela eta Hilaren 19an (igandea), “Autorik gabeko Eguna” ospatuko da Areetako Mayor eta Algortako Telletxe kaleetan, honako ordutegian: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00, hainbat joko eta jolasekin, hala nola zirkuituak pedaldun kart eta autoenak eta 3 gurpileko patineteenak, zurezko jokoak, golf-pistak eta ohe elastikoak. Baita Getxoko elkarte, GKE, klub eta kirol-enpresek antolatutako hainbat jarduera ere izango dira.

“Autorik gabeko Eguna” dela eta, 08:00etatik 20:00etara, Algorta eta Areetako erdigunetako kale batzuk itxita egongo dira ibilgailu pribatuen aparkamendu eta joan-etorrietarako. Bakarrik baimenduko da kale horietan ibilgailuak garajeetatik ateratzea. Murrizketa horiek ez dute eraginik izango garraio publikoan eta Udalaren baimena duten establezimenduen ibilgailuetan.