Getxoko Udalak martxan jarri du dagoeneko Areetako Geltokia plaza birmoldatzeko egingo den prozesu parte-hartzailearen lehenengo fasea. Astelehen honetan hasita eta hilaren 16ra arte, herritarrek eremu horren irisgarritasuna eta jasangarritasuna hobetzeko proposamenak egin ahal izango dituzte.

Aldi horretan, 400 inkesta inguru egingo zaizkie telefonoz Areetan eta Romon bizi diren eta ausaz hautatu diren beste horrenbeste bizilaguni, honako aldagai hauek kontuan hartuta: bizitegi-eremua, adina, sexua, ardurapean seme-alaba adingabeak edo mendeko helduak dituzten edo etxean etxeko animaliak dituzten. Halaber, epe horretan, abisuak jarriko dira bi auzoetako atarietan, bereziki Areeta-Romoko herritarren parte-hartzeari dei eginez, eta ekarpenak egin ahal izango dira webgunearen bidez, Romo Kultur Etxean eta Getxo Elkartegian egokitutako hautestontzietan (bi kokalekuen ohiko ordutegian), eta irailaren 6, 8, 10, 13 eta 15ean plazan bertan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Karpa horretan espazioaren hasierako zirriborroa erakutsiko da, plazarako nahi diren erabilerak pentsatu ahal izateko abiapuntu gisa, eta herritarrak gonbidatuko dira ideiak eta proposamenak aurkeztera plazak etorkizunean izango duen diseinua egiteko.

Entzuteko lehen fase hori igarota, eta herritarren ekarpenen berrikuspen teknikoa egin ondoren, birmoldaketari buruzko hiru proposamen lortuko dira, eta grafikoki erakutsiko dira plazan, urriaren 11tik 22ra. Bigarren fase honetan, udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek, hiru proposamenetako bat bozkatu ahal izango dute, honako modu hauen bidez:

  • Areetako Geltokia plazan horretarako jarriko den postontzian
  • Aipatutako egunetan Getxo Elkartegian (Ogoño kalea 1) eta Romo Kultur Etxea-RKEn jarriko diren hautestontzietan
  • Udal webgunearen bidez, non hiru proposamenak ere azalduko diren.

Boto fisikoa emateko txartel ebakigarriak, urriaren 14an eta 15ean udalerriko etxebizitza guztietan banatuko den Getxoberri argitalpenean sartuko dira, baita Areetan eta Romon postontzietan banatuko den triptiko batean ere, proiektatutako hiru proposamenekin.

Bozketa-epea amaituta, azaroko lehen astean aurkeztuko da proposamen irabazlea, Areetako Mayor kale erdia oinezkoentzat egiteko jarduketa barne, Geltokia plazatik Santa Ana etorbideraino, bai eta proiektu berriaren ondorioz alboko kaleetan izango diren aldaketak ere.

Udal Gobernu Taldearen arabera, obra datorren urteko maiatzean hasiko da, 8 hilabeteko epearekin, eta, beraz, 2022ko abendurako amaitzea aurreikusten da. Baterako jarduketarako balioztatu den aurrekontua 1,8 milioi eurokoa da.

Amaia Agirre Getxoko alkateak azpimarratu duenez, "jarduera hau 2020-2023 Legegintzaldiko Planean jasota dago, gure 10 ilusiozko erronken artean, pertsonen erabilerarako eta gozamenerako plaza diseinu berri eta jasangarriago batekin; gainera, herritarren eskaera asetzen dugu, Aurrekontu Parte-hartzaileetatik sortutakoa. Alderdi hori eraberritzen eta birgaitzen aurrera egiteko konpromisoa da, modu parte-hartzailean, udalerriko erdiguneko eremu enblematiko honetan dauden hainbat eragileen eta herritarren profilen eskaerei modu eraginkor, efiziente eta arrakastatsuan erantzun ahal izateko”.

Bestalde, Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu duenez, "hiri atseginago, biziago eta iraunkorrago baten alde lan egiten dugu, bide publikoa oinezkoen erabilerarako berreskuratuko duena eta espazio publikoen kalitatea hobetuko duena; azken finean, erabiltzen eta bizitzen duten herritarren beharrei erantzungo dien hiria".