Asteburu honetan hasita eta irailaren 26ra bitartean, argazkilaritza gustokoa duten pertsonek plan bikaina izango dute Getxon, bertan Getxophoto Nazioarteko Irudi jaialdia ospatuko baita.

Nazioarteko artisten argazkiek udalerriko hiri-eremua hartu dute dagoeneko, eta aurreikusitako partaidetza-jarduerek edukiera murriztua dute; beraz, horietarako izen-ematea eta abonua helbide honetan egin eta eskatu behar dira.

EGITARAUA

Programatutako lehenengo proposamena LOB-Lagunik onenak betiko da. Ostegun honetan izango da, hilak 2, 15:00etatik aurrera, Romo Kultur Etxean. Sortzen ari diren artista bisualen arteko topaketa da, eta hainbat eskolatako ikasleek elkar ezagutzeko, beren lanak partekatzeko eta elkarlanerako eta ezagutza trukatzeko sareak ehuntzeko aukera izango dute bertan.

Jaialdiaren aurkezpen ofiziala, Opening delakoa, ostiralean izango da, 19:30ean, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Jon Uriarte jaialdiko komisarioak eta parte hartzen duten artistetako batzuek euren proposamen artistikoaren errepaso bisuala egingo dute. Penelope Umbrico, Marina Caneve, Noemí (Now You See Me Moria), River Claure, Mikel Agirregabiria, Begoña Salazar, Andrea Muniain eta Blanca Muntek hartzen dute parte. Ostiralean ere, baina goizean (09:30etik 14:30era), Itxialdia-ren 8. edizioa egingo da Punta Begoñako Galerietan (Ereaga). Irudi garaikidearekin lotutako gaiak berrikusteko eta bateratzeko gunea da, eta sektoreko profesionalek parte hartzen dute bertan.

Larunbatean, hilak 4, 11:30etik aurrera, bisita berezi bat izango da, parte hartzen duten artisten eskutik erakusketetara joateko. 16:00etan, Romo Kultur Etxean, Instadeath Instagram sarearekin lotutako tailerra koordinatuko dute Roc Hermsek eta Daniel Moreno Roldanek. Gauean, 21:00etatik aurrera, Public Protest Video. Elkarbanatu ala ez elkarbanatu? Hori da kontua proiekzio ibiltaria proposatuko dute Raul Goñik, Santi Grauk eta Bartzelonako Elisava eskolako ikasle batzuek.

Azkenik, igandean, hilak 5, 12:00etatik aurrera, Now You See Me Moria topaketa izango da Punta Begoñako Galerietan, Lesbos uharteko Moria Europako errefuxiatu-gunean egunerokoa erakusten duen lankidetza-proiektua ezagutzeko. Noemí ekimenaren bultzatzaileetako bat eta Jon Uriarte Getxophotoko komisarioa izango dira bertan.