GETXO. Getxoko Udalak kaio hankahorien jaiotza-tasa kontrolatuko du aurten nere bai, bere ugalketa galarazteko. Neurri honekin, hegazti horiek udalerrian sortzen dituzten arazoak gelditu nahi ditu Udalak.
Ekintza horren bidez, udalerriko hirigunean habiak egiten dituzten aleen kopurua berrikusi eta kontrolatu nahi da, dagoeneko ezarrita dauden bikoteekin bat egingo luketen oilasko berriak sortzea saihesteko. Hala, ikuskapenean atzemandako habiak kendu egingo dira, eta jabeen erkidegoei jakinaraziko zaie zer jarduera mota egin ditzaketen datozen urteetan arazo hori arintzeko.
Kanpaina udaberrian (espezie hori ugaltzeko garaian) egingo da, uztailera arte. Aldi horretan, habiak bilatu eta horiek eduki ditzaketen arrautzak ere (eme bakoitzak 2-3 arrautza erruten ditu, eta 25-33 egun bitartean txitatzen ditu) kenduko dira. Barruan txitak badaude, Bizkaiko Basafauna Berreskuratzeko Zentrora eramango dira. Lehen berrikusketatik hiru aste igaro ondoren, beste bat egingo da, hegazti horiek arraultza berriak ipini dituzten ikusteko.
Lehen kanpainan, 2020an, 22 habia eta 48 arrautza desagerrarazi ziren guztira, eta ez zen jaiotako oilaskorik aurkitu egindako bi ikuskapenetan berrikusi ziren berrogeita hamar bat teilatutan.
HIRI-EREMURAKO ESPEZIE PROBLEMATIKOA
Hankahoria (Larus michahellis), Getxoko hegaztien inbentarioan agertzen diren 20 kaio espezie ezberdinen artean ugariena da, eta batez ere Romo, Areeta eta Algorta auzoetan ikus daiteke. Itsas ekosistemari lotutako hegazti-espezie hori sedentarioa da, batez ere kostaldeko tarteari lotua dago, baina udalerriaren barrualdeko zelaietara joaten da elikatzeko.
Galea aldeko itsaslabarretan egiten du habia behar den garaian. Azken bi hamarkadetan, eta oro har, kaio hankahoriaren populazioa nabarmen handitu da kostaldeko hiriguneetan, besteak beste, elikagaiak lortzea errazagoa zaien eta habiak babestuago dauden inguruneak direlako. Gainera, gero eta beldur gutxiago diote gizakiari, eta, ondorioz, gugandik hurbil bizitzen ohitu dira, bai elikatzeko, bai lo egiteko eta habiak egiteko.
"Gizakiarekiko elkarbizitza horrek zenbait arazo sortu ditu, hala nola pertsonenganako eta beste animalia-espezie batzuekiko gero eta agresibitate handiagoa, batez ere, hodietan eta euri-zorrotenetan buxadurak, teilatuetan kalteak, beren gorozkiengatik sortzen den zikinkeria eta zarata, harrabotsa (ahotsik bereizgarriena 'dei luzea' izenekoa da), egunsentia baino lehen karranka eginez sortzen dutena", adierazi du Joseba Arregi Ingurumen Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak.
HERRITARREN LAGUNTZA
Kaioen 'kolonizazio' arazo honi irtenbidea emateko, komenigarria da haien populazioa kontrolatzeari ekitea herritarren laguntzarekin. Hori dela eta, teilatuan kaio hankahori baten habia baten berri duten edo detektatzen duten, baita hiri-kaleen artean kaioen ezohiko presentzia ere ikusten duten pertsonek edo jabeen erkidegoetako ordezkariek, horren berri udalari berari ematea eskatzen da, 94 466 01 91 telefono-zenbakiaren bidez edo ingurugiroa@getxo.eus helbide elektronikoaren bidez.
Era berean, habiak kentzeaz arduratzen den enpresako langileei teilaturako sarbidea erraztea eskatzen da. Enpresa horretako langileek udalaren baimenarekin egiaztatuko dute beren lana.