GETXO. Irailaren 5etik aurrera, Getxoko Muxikebarri zentroko Ereaga Aretoak 'Getxoko Balkoiak' izeneko lehiaketan saritutako lanen erakusketa hartuko du. Lehiaketa hori konfinamendu garaian abiarazi zen, berrogeialdian zehar herriko sorkuntza artistikoa sare sozialetan sustatzeko asmoarekin.

Jasotako lan guztien artean hamar saritu dira eta horiek zuzenean antzeztu edota erakutsiko dira datorren asteko ikuskizunean, 19:30etik aurrera. Mota eta estilo anitzeko musika (klasikoa, lirikoa, herri-musika, pop-a), txotxongilo-antzerkia eta irudi-muntaiak izan dira , besteak beste, proposamen irabazleen protagonistak. Ikuskizunaren sarrerak dagoeneko salgai daude Kultur Etxearen ohiko salmenta-guneetan.

Publikoaren erreakzio gehien jaso dituzten bideoen artean, honako parte-hartzaile hauek atera dira garaile: Martín del Busto (irudi-muntaia), Andoni Martínez Barañano tenorra (kantu lirikoa), Leyre Mesa González (kantu lirikoa), Germán Núñez (time-lapse argazkigintza) eta Xabier Gutiérrez Zaballa, Villamonte Live taldekoa (musika).

Bestalde, lehiaketaren epaimahaiak honako irabazle hauek izendatu ditu, kalitate irizpideak kontuan hartuta: Celeste de Lourdes Agüero eta Garazi Basterretxea (txotxongilo-antzerkia), Estíbaliz Igea Erviti (musika lirikoa), Fernando Álvarez Cuesta (musika), Amaia Etxebarria (musika klasikoa) eta Anabel Muro (antzerkia).

Horiez gain, epaimahaiak beste bi lan nabarmendu izan ditu, ikuskizunean zehar accesit aipamena jasoko dutenak, Félix Goxenziaren stop motion lana eta Gabriela Andrearen zuzeneko musikaren bideoa, hain zuzen ere.

Guztira, 108 bideo jaso dira lehiaketan, berrogeialdian zehar balkoi, terraza eta leihoetan getxotarrek eginiko sormen-lanak saritu nahi izan dituen ekimena, alarma egoera indarrean egon zen bitartean kultura bultzatzearen alde apustua eginda. 600 euro esleitu zaizkio emandako 10 sari banari.