GETXO. Gaur goizean, Getxoko alkate Amaia Agirrek eta Bilboko Arte Ederren museoaren zuzendari Miguel Zugazak museoaren erakusketa ibiltaria aurkeztu egin dute. Erakusketa Getxon egongo da ikusgai abuztuaren 3ra arte, eta zentroaren 40 lan esanguratsuenetarikoak ezagutzeko aukera emango die bisitariei ibilbide artistiko batean, kalitate handiko erreprodukzioez baliatuta. Jarduera agintaritza eskudunek ezarritako osasun-neurriak betez gauzatuko da, edukieraren kontrola mantenduta.

Agirrek bere poztasuna adierazi du Getxon proiektuan parte hartu izanagatik, "kultura arloan normaltasuna berreskuratzera laguntzen duelako", halaber, horretan bildu diren erreprodukzioen maila handia nabarmendu du. Horiek kalitate handiko teknika erabiliz egin dira, eta xehetasunen zehaztasun txundigarria eta kolorearen fideltasun handia lortzen dute. Horrekin batera, 40 lanetatik 24k QR kodea izango dute, eta erakusketa bisitatzera hurbiltzen direnei aukera emango diete gailu mugikorrean iruzkinak dituzten audio fitxategiak doan deskargatzeko (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Gainera, 6 lanek haurrentzako diseinatutako kontakizun bat izango dute, 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendua.

BBK Artearen Ibilbidea ekimenaren helburu nagusia museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea da. Zugazak aipatu duenez, ekimena "modu probokatzailean ailegatuko zaie herritarrei", arte-lanak ohiko kokapenetik aterako baitira. Horrela, publikoak pinakotekaren ondare komun aberatsaz gozatu ahalko eta bere garrantziaz jabetzeko aukera izango du aire zabalean, artearen historiako hainbat garai eta eskolatako artista handien obra seinalatuen bidez; gainera, teknologiari esker, haren ezagutzan sakondu ahal izango du.

Erreproduzitutako 40 obren hautaketan, XIII. mendetik XX. mendera artekoak, hurrengo artisten lanak daude: erromaniko anonimo katalana, Bartolomé Bermejo, Jan Mandijn, Martin de Vos, Grekoa, Frans Pourbus, Orazio Gentileschi, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Anton van Dyck, Pieter Fransz de Grebber, Juan de Arellano, Bartolomé E. Murillo, Luis Paret, Francisco de Goya, Anselmo Guinea, Mary Cassatt, Paul Gauguin, Joaquín Sorolla, Darío de Regoyos, Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaga, José Gutiérrez Solana, Valentín de Zubiaurre, Aurelio Arteta, Juan de Echevarría, Robert Delaunay, Daniel Vázquez Díaz, Antonio de Guezala, María Blanchard, Nicolás de Lekuona, José María de Ucelay, Antoni Tàpies, Francis Bacon, Agustín Ibarrola, Antonio Sistiaga, Balerdi, Vicente Ameztoy, Alfonso Gortázar eta Eduardo Arroyo.

PROIEKTU ETA PROPOSAMEN DIDAKTIKOA

Proiektua Museoko Erakusketa Saileko Miriam Alzurik koordinatu du, eta obrei buruzko iruzkinak egin ditu. Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak proposamen didaktikoa garatu dute, eta, horri esker, hezkuntza arloko langileek publikoaren galderak orientatu eta erantzungo dituzte bisita dinamizatuetan (asteazkenetik igandera, 17:00etatik 20:00etara; gehienez 8 pertsona taldeko), jendeak horrela eskatzen badu.

Getxotik pasatu ondoren, erakusketa bete udalerri batzuetan izango da ikusgai: Gorliz, Plentzia, Bakio, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ispaster, Ondarroa eta Lekeition, hain zuzen ere.