GETXO. Koronabirusa dela eta martxoaren 14an konfinamendua ezarri zenetik, Getxoko Udalak Andra Mari kiroldegia egokitu zuen behin-behineko aterpetxea bihurtuz, etxerik gabeko pertsonek bertan pasa zezaten konfinamendu garaia. Orain, ia lau hilabete pasatu eta gero, aterpetxeak ateak itxi behar izan ditu eta, beraz, bertan zeuden 15 pertsonak alde egin behar izan dute. Horietako hiru Algortako Karitate kaleko aterpetxera eraman dituzte, bederatzi Berangon dagoen neguko aterpera, bi Sortarazi entitateak artatuko ditu eta batek beste aukera bat aurkitu du. Hala ere, zuzeneko laguntzak eman zaizkie konfinamenduan egindako garapen pertsonaleko lanarekin jarraitu ahal izan dezaten eta, batez ere, kalera itzul ez daitezen.

Konfinamenduan, Karitate kaleko aterpetxeak 10 plaza izan ditu, eta behin-behineko aterpeak, berriz, 25. 33 pertsonak hartu dute ostatu une desberdinetan, eta gutxienez 15 pertsona eta gehienez 25 egon dira bertan. Aldi horretan, ostatu hartutako pertsonek gizarteratze-lana egin dute, Gizarte Zerbitzuek lagunduta, eta horiek positibotzat baloratu dute haien garapena

HIRU LAGUNTZA MOTA

Hiru laguntza mota onartu dira. Lehenengoak 1.050 eurokoak dira, eta hiru hilabetez ostatu hartzeko eta bertan egoteko aukera ematea dute helburu. Denbora hori nahikoa da pertsonen egoera baloratzeko eta Arreta pertsonalizatuko Plan bat egokitzeko. Bigarren laguntza-mota senideak dituzten eskatzaileak berriro elkartzeko da, eta zenbatekoa xede-udalerriaren araberakoa izango da (100 euro EAEren barruan, 200€ EAEtik kanpo eta estatuan, eta 300 euro estatutik kanpo). Eta hirugarren laguntza, 300 eurokoa, oinarrizko beharrak (elikadura, jantziak) asetzeko izango da.

Laguntzak eskatzeko baldintzak honako hauek dira: konfinamenduak iraun bitartean udal-dispositiboetan egon izana, Getxoko udalerrian edo Uribe Kostako mankomunitatean erroldatuta eta/edo errotuta egotea, beste aukerarik ez izatea eta Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Sistemaren prestazioak jasotzeko aukerarik ez izatea, diru-sarrerarik ez izatea eta Arreta Plan pertsonalizatua izatea.