Datorren asteburuan, ostiraletik igandera bitartean, Amorebieta-Etxanok 'Haizetara' izeneko nazioarteko musika jaialdiaren 15. edizioa jasoko du. Bertan, hamar musika bandak hartuko dute parte.

Agirrebeitiak gogoratu duen moduan, Haizetara Amorebieta-Etxanoko ekimen esanguratsuenetako bat da: «Haizetara zornotzarrentzat kaleko musika jaialdi bat baino askoz gehiago da. Besteak beste, kultura, musika, elkartasuna, kaleko gozamena, udaren etorrera eta familiarekin eta lagunekin izandako une onak sinbolizatzen ditu. Eta azken urteetan bizitakoaren ondoren, Haizetara ekimenaren XV. edizioaren etorrerak haize freskoa ekarriko du Amorebieta-Etxanora. Hala, pandemia aurretik egiten ziren jaialdiak ekarriko ditu gogora: nazioarteko 10 taldek onena emango dute eta gure udalerriko kaleak musika onez beteko dituzte. Gainera, talde gonbidatuak eta familia osoari zuzendutako ikuskizun bat ere antolatu dira. Amorebieta-Etxano eszenatoki bihurtuko da egun batzuez eta zornotzarrek nazioarteko soinuez gozatu ahal izango dute beren udalerri propiotik mugitu gabe».

Luciano Martinez Kultura eta Kirol zinegotziak nabarmendu du Haizetara nazioarteko musika jaialdi sendoenetako bat dela: «Datuek hala diote; aurten hamar nazionalitatetako berrogei taldek eman dute izena, datorren astean hemen, Amorebieta-Etxanon egoteko helburuarekin. Hamar talde horietatik hiru Ameriketatik etorriko dira, Argentina, Mexiko eta Txiletik, hain zuzen ere. Gainerako zazpiak Europakoak dira, eta horietatik hiruk Serbian, Frantzian eta Belgikan dute jatorria; bi Estatukoak dira, Murtziakoak eta Bartzelonakoak; eta bat Euskal Herrikoa da, Baionakoa».

HAMAR BANDA

Nazioarteko Lehiaketan ondoko hamar taldek hartuko dute parte:

Bartzelonatik, Hip Horns Brass Collective taldea etorriko da Haizetara, jazz eta musika modernoko musikarien hiru belaunaldi ezberdinek osatutako taldea. Bandak estatuko gainerako brass proiektuetatik bereizten duen soinu paregabe baten formula aurkitzea lortu du.

La Marmaille Post-Fanfarre Toulousetik (Frantzia) etorriko da. Herritarrei beste fanfarre mota batekin gozarazteko asmoz etorriko dira: entzumenarentzat gozamena eta ikusmenerako oso atsegina den espektakulua eskainiko dute, soinu dotore eta metalikoz betea.

Mexikotik etorrita, Kamikaze Beat Band taldea izango da Amorebieta-Etxanon. Metal sinkronizatuen eta konpartsa garaikidearen doinuak uztartzen ditu, musika tradizional mexikarreko soinuekin batuz eta munduko erritmoekin fusionatuz; hala nola, jazzarekin, funkarekin, reggaearekin...

Brassassen sorterria, berriz, Argentina da; haizezko instrumentuak eta perkusioa uztartzen dituen esemble musikala eskainiko dute Amorebieta-Etxanon. Ipar Amerikako brassband tradizionalen antzera sortua, taldea osatzen duten aerofono familiari zor dio izena.

La Tromba taldea Txiletik iritsiko da Amorebieta-Etxanora. 2021ean Udaberri Makabra bigarren diskoa kaleratu ondoren, duela 11 urte sortutako taldeak bidaia berri bat hasi zuen Europako lurretan zehar, beraiek latin-balkan-ensamble bezala ezagutzen duten soinu instrumental batekin.

Murtziatik, Steam Brass Band taldeak puntu dibertigarri eta ganberroa jarriko dio lehiaketari; izan ere, beraiek azaldu bezala, kontzertu bakoitzean makineria koipeztatu eta galdarak pizten dituzte, ondo pasatzeko helburu bakarra duen ikuskizuna eskaintzeko. Latinoamerikako musika, ekialdeko Europako Balkanaren eragina duten doinuekin uztartzen dute.

Aurtengo Haizetara jaialdira euskal talde bakarra etorriko da, Baionatik: Bokale Brass Band. 2021ean sortua eta zazpi musikarik osatua, New Orleanseko jazz musika dute oinarri.

Remork & Karkaba Bruselatik dator, eta Marokoko gnawa perkusioarekin konbinatutako haize-sekzio batez osatutako fanfarre paregabea da. Musikari hauek ederki dakite, momentu batetik bestera, kalea eta herritarrak nola animatu.

Serbiatik Bojan Ristic Brass Band taldea etorriko da. 2005ean hasi zuen ibilbidea eta erritmo latinoak eta jazz doinuak nahasten ditu. Nazioarteko biretara ohituta, 2008an, Serbiako Trompeta Guca Jaialdi ospetsuan, Orkestra Onenaren saria eskuratu zuen, eta ondorioz, 50 aldiz baino gehiagotan jo zuen Europa osoan zehar.

Eta, azkenik, Frantziako Montpellier hiritik etorritako The Gombo Revolution taldeak joko du aurtengo lehiaketan. New Orleanseko musika ekarriko du gogora, Ipar Amerikan zehar egindako bidaia batean bizutako esperientziaren eta izandako eraginaren ondorioz.

HIRU SARI JOKOAN

Fanfarreen, Banden eta Kaleko Musikaren Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko duten banden helburua hiru sarietako bat eskuratzea izango da. Martinezek azaldu duenez, Amorebieta-Etxanoko Udalak izendatutako epaimahaiak erabakiko ditu bi sariren irabazleak: «talde irabazle onenak 10.000 euroko saria jasoko du eta instrumentista onenak 1.000 euroko saria». Hirugarren sari bat ere egongo da: «zornotzarrek edo Amorebieta-Etxanora hurbiltzen diren pertsona guztiek gustukoen izan duten bandaren alde bozkatu ahal izango dute. Publikoaren saria 4.000 eurokoa izango da, eta www.haizetara.eus webgunearen bidez eman ahal izango da botoa, ekainaren 24tik (ostirala, 19:30etik aurrera) ekainaren 25era (larunbata, 24:00ak arte)».

LEHIAKETAREN INGURUAN BESTE HAINBAT JARDUERA

Azkenik, Luciano Martinezek gogorarazi duen moduan, lehiaketan parte hartuko duten taldeek eskainiko dituzten kale-kontzertuez gain, beste musika-emanaldi eta jarduera osagarri batzuk ere izango dira: «Bi talde gonbidatu egongo dira. Batetik Granadatik etorriko den Pisando fuerte txaranga, birritan joko duena. Lagun talde honek baldintza batekin sortu zuen txaranga taldea: taldekide guztiak emakumeak izatea. Kantabriatik etorriko da bigarren taldea: Bizuka percusión, talde berritzaile, dinamiko eta garaikidea, herritarrak animatzea izango du helburu, erritmo eta dantza ikuskizun koloretsu eta indartsu batekin».

Eta, gainera, familia osoari zuzenduta, Trakamatraka izeneko ikuskizuna ere egitarauaren parte izango da: «larunbatean, hilak 25, Zelaieta parkean biltzen diren familia guztiek ikuskizun musikal batez gozatu ahal izango dute, non objektu xumeek bizitza hartu eta musika joko duten. Eta amaitzeko, aurtengo edizioan ere ez da faltako Jam Session-a: publiko guztiari zuzendutako musika-emanaldiak, jazz generoaren eta bere estandarretan zehar ibilbidea egingo du».

GOMENDIOAK HERRITARREI

Behin Haizetara ekimenaren XV. edizioaren egitaraua aurkeztuta, zinegotzi zornotzarrak festaz gozatzera animatu ditu herritarrak, eta gomendio batzuk gogorarazi dizkie, dena espero bezala igaro dadin: «gogoratu nahi dut ez dela erraza musikari izatea eta are gutxiago kalean musika egitea. Beraz, Amorebieta-Etxanoko Udaletik eskatu nahi dugu lehiaketak irauten duen egunetan musikarien lana errespetatzea, eta baita ere emanaldi bakoitzaren inguruan bildutako pertsonen egonaldia».