Datorren ostegunean, maiatzak 26, Ermua Antzokiak 'Mundu bat bertso' izeneko jaialdia jasoko du. Bertan, udalerriko Lehen Hezkuntzako azken mailetako 100 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte, aurtengo ikasturtean bertsolaritza eremuan egindako lana aurkezteko. Jaialdia arratsaldeko bost eta erdietan hasiko da eta ordu eta hamar minutu inguruko iraupena izango du. Sarrera doakoa da.

"Ermuko Bertso Topaketa" proiektua Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Ermuko Institutuan garatu da, Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin elkarlanean. Horrela, ikasleek bertsolaritza klaseez gozatu ahal izan dute eskola orduetan, eta Ermua Antzokiko ekitaldi honetan euren dohainak eta ikasitakoa erakusteko aukera izango dute.

Haurrek zuzenean abestuko dute, batzuetan Mikel Inun musikariak lagunduta. Horrez gain, Irune Basagoiti eta Iruri Altzerreka bertsolariek euren heldutasuna eta eskarmentua erakutsiko dituzte oholtza gainean.

2015/2016 ikasturtean abiatu zen proiektuaren helburua ahozko komunikazioa lantzea da, bertsolaritzaren baliabideak erabiliz. Errimak eta bertsoak lagungarriak izan daitezke hizkuntza-normaltasunean, motibazioa, prestigio soziala eta euskararen erabilera areagotu dezakete ikasleen eta gazteen artean.

Bertsolaritzak balioa ematen dio eskolaren lan pedagogikoari, bere ekarpenak dira ahozko komunikazioa hobetzea, komunikazio-estrategiak aprobetxatzea, hizkuntza-sormena sustatzea, jendaurrean hitz egiteko beldurra eta oztopoak gainditzea, ideiak ordenatzen eta sintetizatzen laguntzea eta, azken batean, oro har komunikatzaile hobeak izaten laguntzea.