Mañariako Angurretako harrobiak Khantoria taldearen “Herejeen alaba-La hija de los herejes” ikuskizuna hartuko du ostiral honetan. Hanson-HeidelbergCement Groupek babestuko du eta 19:00etan hasiko da. Kontzertu honek barne hartzen du Joseba Sarrionandiaren “Kristalezko bihotza” ipuinaren kontaketa musikalizatua. Antolatzaileak jakinarazi duenez, ekitaldia COVID-19aren aurkako protokoloari jarraituz egingo da eta 100 lagunera mugatuta izango da.

Khantoria, oraingoan, Ander Berrojalbiz (rabela eta biolina) eta Maider Lópezek (biola) osatuko dute, Ainhoa Pineda aktorearekin batera. 2010ean ekin zion bideari, hiru musikariren jakin-minak bultzatuta, Europako musika-zentro entzutetsuetan trebatu ondoren (Royal College of Music, Schola Cantorum Basiliensis, Musikhochschule Trossingen) eta lanbidean leku bat egin ostean, Erdi Aroko musikatik XXI. mendeko elektroakustikara bitarteko interpretazio-eremua duten taldeekin (Bilboko Orquesta Propitia Sydera, Al Ayre Español, Ars Memoriae, Grupo Sinkro) lankidetzan. Bere proiektuak askatasun-espazio bat sortu gura du, bere ikerketak, intuizioak eta esperientziak islatu ahal izateko. Horrela, Khantoriaren kontzertuek, hitzaldiek eta grabazioek beti dute balio erantsia, eta oso gutxitan uzten dute epel.

Kontzertua Angurreta Harrobia Kultur Elkarteak eta Gerediaga Elkarteak antolatu dute, Mañariako Udalaren laguntzarekin eta Hanson-HeidelbergCement Group-en babesarekin. Victor Arrizabalaga eskultoreak Angurretako harrobi zaharrean sortutako espazio artistikoaren inaugurazio-ekitaldia izango da. Hainbat kultur jarduera egingo dira bertan.

Angurreta harrobi historikoa da, eta iraganean marmol itxurako kareharri barietate bat atera zen bertatik, kolore arre beltzekoa, tradizioz “Gris Mañaria” gisa merkaturatu izan dena. Mañariako harrobietan lortzen zen materiala oso egokitzat jotzen zen barrualdeetarako, eta horren froga moduan, besteak beste Foru Jauregian erabili zela esan behar da.