Amorebieta-Etxanon

2.400 kilo hondakin atera dituzte Betzuen inguruko leizetik

21.08.2021 | 04:00
Betzuen inguruko leizetik ateratako hondakinak.

Joan den asteazkenean, abuztuak 18, 2.400 kilo hondakin atera zituzten Bernagoitia auzoko Betzuen inguruan dagoen AR-103 leizetik. Euskal Espeleologoen Elkargoak eta Haitzulo Espeleologia taldeak egindako lana benetan ikusgarria izan da.

GARBIKETA, BIODIBERTSITATEAN KALTERIK ERAGIN GABE

Haitzuloaren garbiketa egin ahal izateko, elkarteek baimena eskatu zuten Bizkaiako Foru Aldundian, izan ere, leizea Urkiolako Parke Naturalaren eta KBEko babeserako eremuaren mugan dago. Egindako garbiketek ez dute kalterik eragin leizearen biodibertsitatean, alderantziz. Burututako lanak onuragarriak izan dira, haitzuloaren funtsezko elementuak eta interes komunitarioko habitatak berreskuratu baitira.

2.400 KILO HONDAKIN, ZAZPI JOAN-ETORRIAN

Boluntarioak 4x4 ibilgailuetan gerturatu ziren haitzulora, eta ateratako hondakin guztiak puntu garbira eramateko zazpi joan-etorri egin behar izan zituzten. Hondakinak leizetik ateratzeko espeleo-sorospen teknikak erabili zituzten, eta denetatik atera zuten: plastikoak, latak, burdin zatiak, gurdi zahar baten gurpila, bidoiak, mangera, pilak, motor bobinak, gailu elektronikoak€Guztira 2.400 kilo hondakin atera zituzten.

AUZOLANEAN, HIRU HELBURUREKIN

Guztira hamalau lagun aritu ziren garbiketa lanetan, auzolanean: aipatutako bi elkarteetako kideez gain, Aloña Mendi Espeleologia Taldekoak, Grupo de Actividades Espeleológicas de Bilbao-koak eta Felix Ugarte Elkartekoak. Garbiketarekin lortu da, batetik, espeleologia mundutik arrotzak diren pertsonengana gerturatzea, haitzulo baten inguruko garbiketaren kontzientzia har dezaten; bestetik, hondakinak dituen haitzulo bat garbitzea; eta azkenik, garbiketa gizarteratzea.

noticias de deia